argia.eus
INPRIMATU
Ortega izango da berriz ere Nikaraguako presidente, zenbatutako lehen botoen arabera
  • Bozken %71,3 eskuratu du Daniel Ortegak, mahaien %66,3 zenbatuta. Maximino Rodríguez izan da bigarrena, eta José del Carmen Alvarado hirugarren. Presidenteordea, Asanblea Nazionala eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko ordezkariak ere hautatu dituzte herritarrek.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 07a
Ortega izango da berriz ere Nikaraguako presidente, zenbatutako lehen botoen arabera

Lehen botoen arabera, Nikaraguako presidente izango da berriz ere Ortega. Bozken %71,3 eskuratu du, mahaien %66,3 zenbatuta.

Inkestek ere aurretik kokatu zuten Ortega, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako (FSLN) gerrillari izandakoa. Errepublikako presidentea izan zen 1985etik 1990era, eta gobernuburu hautatu zuten berriz ere 2006ko hauteskundeetan. Aurtengoei dagokienez, Nikaraguak Irabazi Aliantzan aurkeztu da FSLN.

Zenbatutako botoek adierazi dutenez, Maximino Rodríguez Alderdi Liberal Konstituzionalistako (PLC) kidea izan da bigarrena, bozken %16,4 eskuratuta. Eta José del Carmen Alvarado Alderdi Liberal Independenteko (PLI) hautagaia hirugarren, %4,5 jasota. Parte hartzeari dagokionez, %65,3ekoa izan da.

Horrez gain, Rosario Murillo hautatu du Nikaragua Irabazi Aliantzak presidenteorde izateko. Horrek haserrea eragin du oposizioan. Militante sandinista, idazlea eta irakaslea izateaz gain, Ortegaren emaztea baita Murillo. Nepotismoa leporatu diote, eta baita estatuko egiturak FSLNren mesedetan erabiltzea.