argia.eus
INPRIMATU
Oronak ere abenduaren 16an egingo du batzarra, Mondragon taldetik irten ala ez erabakitzeko
  • Duela egun gutxi Ulmak iragarri bezala, Oronak ere ez ohiko batzarrean erabakiko du Mondragon taldearekin hemendik aurrera izango duen harremana. Hernaniko kooperatibak ere salatu du bere bazkideak "presioak" izaten ari direla eta "errespetua" eskatu dio korporazioari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko azaroaren 25
Orona kooperatibak ere "presio kanpaina" salatu du Mondragon taldearen partetik.

Badirudi abenduaren 16ko data gakoa izango dela Mondragon kooperatiba taldearentzat. Egun horretan taldeko kide nagusienetakoak diren Ulmak eta Oronak ez ohiko batzarrak egingo dituzte, Mondragonekin duten harremana eten edo jarraitzea erabakitzeko.

Oronak ostegunean publiko egindako oharrean jakinarazi du, aurretik Ulmak egin bezala, abenduaren 16an jarriko duela erabakia bazkideen esku. Horrez gain, igogailuak egiten dituen Hernaniko kooperatibak ere "presio kanpaina" salatu du bazkide horiengan, eta horrek "haien informazio eta parte hartze eskubidea urratzen" duela dio.

Astelehenean Mondragonek dokumentu bat zabaldu zuen taldeko kooperatiba guztien artean, Ulmarekin eta Oronarekin ekainetik izandako hartu emanak azaltzeko, eta testuan dio bi kooperatibek kongresuan eztabaidatzeko egindako proposamenak taldearen "kontzeptua bera" aldatzen duelako bota zutela atzera, halako planteamendu bat eramateko denborarik ez zegoelako.

Horren ostean Ulmak gogor eta haserre erantzun du, bere autonomiaren aurkako "erasoa" eta "presio kanpaina" salatuz, eta abenduaren 16rako deitu du ez ohiko batzarrera, Mondragonetik irten ala ez erabakitzeko. Bi egun geroago Oronak gauza bera egin du, ohar leunago baina irmoarekin, eta "Mondragonen esku hartze onartezina" salatu du.

Azken asteotan bazkide kooperatibistekin 40 bilera egin ditu Oronak eta abenduaren 16ra arte beste horrenbeste egiteko asmoa du, "behingoagatik ebazteko atzeratu ezin daitekeen subiranotasunaren berreskurapena", dio oharrean.