Ostegunean estreinatu dute Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala Donostian. 1970eko eta 80ko hamarkadetako energia nuklearraren aurkako borroka du hizpide. Tartean, Gladys del Estalen bizitza: poliziak tiroz hil zuen 23 urteko gazte donostiarra. Hil zutenetik 40 urte bete dira ekainean eta estreinalditik jende asko hunkituta atera da.
“Gauza guztien kontra egitetik, zerbaiten alde egiten ikasi genuen”. Mabel Cañadaren hitzak dira, dokumentalaren hasiera partean. Lehen uneetan no-do zatiak ageri zaizkigu pantailan: Franco Garoñako zentral nuklearra inauguratzen, Franco Lemoizko zentrala zeinen garrantzitsua izango den azaltzen... Energia nuklearraren garaiak bete-betean. Hiroshiman 200.000 pertsona hil zituen AEBen lehergailu atomikoaren osteko garaietan, lor zitekeen baliabide energetikorik baliagarriena zela esaten zuten agintari ugarik. Hala mahai gaineratu zituen Espainiako Gobernuak eta Iberduerok bost zentral nuklear proiektu Euskal Herri eta aldirietan: Garoñan, Lemoizen, Tuteran, Ea-Ispasterren eta Deban. Denak abian jarriz gero, filmean adierazten den gisan, mundu mailako erradiakzio kontzentraziorik handiena izango zukeen euskal kostaldeak.
Bizitzaren balioaren alde, ingurumenaren alde, Euskal Herrian zein nazioartean energia nuklearraren aurkako mugimendu transbertsala abiatu zen. Herri oso bat mugiarazi zuen urteak iraun zituen olatu hark. Izaeraz beti baketsu izanda, eta eguzkiaren irribarrea aldean eramanda beti ere.
Zenbait aurrestreinaldiren ondoren, lehen parada Gladysen etxean egin dute, Donostian, Antzoki Zaharrean. Nabari zen ikusmina, eta goraino bete da gunea. Txalo zaparradaz eskertu dituzte Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal dokumentalaren gidoilaria eta alma matterra oholtza gainera igo direnean, eta esker oneko izen-errezitaldia egin diote filmaren atzean aritu den lan talde osoari. Ez da beharrezkoa izan Gladys aipatzea ere, garai hura gertutik bizi izan zuen jende asko baitago ikuslegoan.
Gaztearen heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmak, eta garaiko euskal gizartearen zati handi bat erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu. Makina bat elkarrizketa eta irudi dokumentatu dituzte lanean, zentral bakoitzaren eta mugimenduaren beraren nondik-norakoak azaltzeko. “Munstroa amaierarako geratu zen”, dio elkarrizketatu batek Lemoizko zentralaren kanpoaldean. Behin Debakoa eta Ea-Ispasterrekoa bertan behera geratuta, Bizkaiko kostaldean jadanik eraikita zegoen zentrala martxan jartzeko prest zegoen. Dokumentalean ikus daitekeenez, sutan zegoen Euskal Herria.
Mugimendu ekologista indartsu zen. Hainbat zentral geraraziak, "Lemoiz, eraiki duten arren, ezin dugu pizten utzi", gogoratzen dute garaiko ekintzaileek. Dena eman zuten ez zezaten piztu. Hala, ETA ere batu zen jardunera. Hildakoak egon ziren Lemoizko zentralaren harira, eta giroa are gehiago gaiztotu zen. Poliziaren eskuhartze bidegabeak are gogorragoak izan ziren, eta Gladysen lagun elkarrizketatuak dioen bezala, nuklearraren aurkako mugimenduko kideek biolentziarik ez erabiltzea argi zuten. Hala, baina, Tuteran gertatu zen noizbait gerta zitekeena. 1979an, Harrisburg –AEB– aldirietako istripu nuklearraren ondoren eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginda, Tuteran jendetza elkartu zen ekainaren 3an; handik gertu zentrala eraikitzeko proiektua zegoen eta, era berean, Bardeetako tiro-eremua desegitea ere aldarrikatu zuten. Eguneko egitaraua amaitzear zela, polizia agertu eta oldartu zen, bertan zirenak inguratu eta bertan hil zuten tiroz Gladys del Estal, 23 urte zituela.
Dokumentalerako dozenaka lagun elkarrizketatu dituzte, Gladys hil zutenean bertan zegoen pertsona batetik hasi, garai haietan borroka antinuklearrean ibilitako kideetatik pasa, Lemoiz, Tutera, Deba eta inguruetako zentralen aurka mobilizatu zen jendea, Everesten gailurrean nuklearren aurkako ikurra jarri zuen Martin Zabaleta, nuklearren aurkako eguzki irribarretsuaren logoa asmatu zuen Anne Lund ekintzaile daniarra eta Gladys ezagutu zuten hainbat pertsonaraino.
Filmearen amaieran, ETAren esku-hartzeak eragindako kontraesanak eta horrek sortu zituen buruhauste eta iritzi ezberdinak jaso dituzte. ETAk herri mugimenduari boterea kendu zion? Borroka armatuaren aurka zeuden ekintzaile antinuklearrek zer egin behar zuten? ETArik gabe Lemoiz geratzea posible zen?
Gladysen hilketatik 40 urte bete diren honetan, jende askorentzat oso traumatikoa izan zen borrokaren oroimena berreskuratzeko dokumental ederra osatu dute Gaztelumendi eta konpainiak. Jendearen oroimenerako, baita belaunaldi gazteagoei transmitizeko ere, baldin eta oroimena memoria kolektibo bihurtu nahi bada. Ahanzturak irentsiko du bestela, belaunaldi berrien interesik ez badago.