argia.eus
INPRIMATU
Oroimen historikoaren alorreko legedia bete dezala eskatu dio CNTk Jaurlaritzari
  • CNT sindikatuak Ondare Historikoa arautzen duen 4/1986 Legea onartu baino lehen konfiskatu zieten ondarea itzultzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, elkarretaratze bat egin dute ostiralean Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean.

Uriola.eus @uriolaeus 2019ko urtarrilaren 14a

2015. urtean, CNTk Eusko Jaurlaritzari bilera bat eskatu zion konfiskatutako errotatibaren gaia aztertzeko. Hala ere, hainbat bilera egin arren, sindikatuak azaldu duenez exekutiboaren aldetik ez dute inolako erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordearen aurrean azaldu ziren 2018ko azaroaren 14an. Aho batez eskatu zen Eusko Jaurlaritzak CNTk egindako eskaerari erantzutea (11. espedientea, 11\00\10\00059).

“Erantzun bat itxaroten ari gara”, esan du CNTk. Hori dela eta, “Lehendakaria oroimen historikoaren ekitaldi honetara etorri dela aprobetxatzen dugu”, Nazio Batuetako kontalariaren txostenak dioena aplikatzea eskatzeko, Giza Eskubideen arloko printzipioak ezartzen dituen 60/147 ebazpenean adierazten den bezala. Josu Erkoreka bozeramailearekin honen ingurua hitz egiteko aukera izan dute.

Eusko Jaurlaritzak berak eskatu du erregimen frankistak Parisen konfiskatutako ondasunak itzultzea (Cervantes Etxea, Eusko Jaurlaritzaren egoitza erbestean). Sindikatuak hori zerbait logikotzat eman du eta euren babesa helarazi die.

Hala ere, kexu dira exekutiboak ez duelako CNTren ondarearen aurrean berdin jokatzen. Hori eskatzeko elkarretaratzea egitea erabaki dute.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.