Living Planet Report 2020 (Lur Planeta Bizia 2020) txostena ondu dute WWF Naturarentzako Mundu Funtsak eta Londresko Zoologia Elkarteak. Bi urtetik behin egiten dute ikerketa, eta lehena 1998an egin zuten.
Munduko biodibertsitatea hondamen prozesuan dago. Hala dio WWF Naturarentzako Mundu Funtsak eta Londresko Zoologia Elkarteak eskuz esku argitaratu duten Living Planet Report 2020 (Lur Planeta Bizia 2020) txostenak. Berria egunkariak azaldu duenez, 1998tik aurrera bi urtero egiten den ikerketak lur planetaren ingurumen osasun egoera aztertzea du helburu. Hori ebazteko indize esanguratsu bat baliatzen dute: IPV Lur Planetaren Indizea.
Ornodunen populazioaren bilakaera azaltzen du indizeak, hots, zenbat anfibio, narrasti, ugaztun, hegazti eta arrain dauden munduan. Urtez urteko bilakaera aztertu ostean, ondorioak ateratzen dituzte. Bide horretan, 4.392 espezie eta 20.811 populazio izan dituzte ikergai, eta bertatik ondorioztatu dute 1970 eta 2016 artean ornodun espezieen populazioa %68an gutxitu dela lurrean.
Enrique Segovia Espainiako WWFko Kontserbazio zuzendariak aitortu duenez, ondorioetan erauzitako datuek “hotzikara” sortzen dute. Hala ere, gaineratu du datu hori Lurreko ekosistemak zein egoeratan dauden islatzeko modu guztien artean modu bat dela. Izatez, prozesu hori bultzatu duten faktoreak hainbat izan daitezkeela iritzi du Segoviak, hala nola, espezie inbaditzaileak, ehiza, kutsadura, eta, nola ez, klima aldaketa.
Ornodunen populazioaren murrizketa ez da berdina ordea leku guztietan, Lekuaren arabera aldatu egiten dira populazioen murrizketetan eragina izan duten faktoreak. Segoviak azpimarratu duenez, lurrazalaren %70 gizakiak eraldatu du, batik bat eremu tropikalei erasanez eragina –hala nola, Hego Amerikan, Asian eta Afrikako zenbait lekutan–.
Hala eta guztiz ere, egoera hori "hobetu" daitekeela iragarri dute txostenean. Txostenaren oinarrian diren adituen oharrei segi, ingurumena zaindu behar litzateke baita ekoizpen moduak aldatu ere. Aldaketa hauek ongizatea bermatuko digutela diote: «Ingurumena galduz gero, Lurrean bizitzeko dugun gaitasuna galduko dugu, eta eragin negatiboa izango du gure bizitzetan, guztiak duelako oinarria naturan».