argia.eus
INPRIMATU
Orlandoko atentatua gaitzetsi du Gehituk
  • Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualen elkarteak, baita AMPGYLek, Errespetuzek, EHUko LGTB ligak, eta Euskal Herriko Chrysallis elkarteak gaitzetsi dute igandean AEBetako Orlando hirian gertatutako eraso homofoboa.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 13a
Orlandoko atentatuak eta diskurtso homofoboen zabalpena lotu ditu Gehituk.

Gertakizunek beste behin LGTB+ kolektiboak gorroto-erasoen aurrean duen ahultasuna erakusten dute Gehituren iritziz. "Baina ez dugu ahaztu behar eraso hauek, zoritxarrez, zabaltzen ari diren diskurtsoetan oinarritzen direla".

"Doluminik bizienak" eman dizkiete Gehituk eta aipatutako beste elkarteek biktimen familiei.

Harrotasun Eguna, 47 urte geroago

"Geroz eta gertuago dago LGTB+ harrotasun eguna, Nazioarteko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eguna", ekarri du gogora Gehituk.

Ospakizunaren jatorria gogora ekarri dute: 1969ko Stonewelleko matxinadak. "47 urte geroago, gertatutakoa bezalako egoerek agerian uzten digute gure gizartean homofobiak, lesbofobiak, transfobiak eta bifobiak jarraitzen dutela eta hauen aurrean modu arduratsuan jokatzeko beharra".