argia.eus
INPRIMATU
Orkoiengo Udalak kirol instalazioetan gertatutako bi eraso sexista ezkutatu dituela salatu du EH Bilduk
  • EH Bilduren ustez, erasoak Orkoiengo udal kirol instalazioetan gertatu ziren. Salaketen jakitun zeuden udal arduradunak erasoak ezkutatu eta minimizatzen saiatu zirela dio koalizioak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 18a

Orkoiengo bi bizilagunek sexu-indarkeria jasan zuten urtarrila eta otsailean bertako kirol instalazioetan. Jakin bezain laster alkatea jakinaren gainean jarri zutela adierazi du EH Bilduk, konturatuz azken honek gertaeren berri zuela.

Ahotsa komunikabideak adierazi duenez, EH Bilduk egoerarekiko desadostasuna argiki adierazi du: "EH Bildu Orkoiendik gure babesa adierazi nahi diegu gertaera horien biktimei, eta argi utzi nahi dugu sistema heteropatriarkalean bideraturiko matxismoaren eta indarkeriaren isla besterik ez diren ekintza horien aurrean gure arbuioa". Udalaren "jarrera pasiboaren" ondorioz, indarkeria aste batzuen buruan errepikatu egin dela salatu du alderdiak, gero eta larriagoa bihurtuz. 

Hori horrela, koalizioak Berdintasun Batzordearen premiazko deialdia eskatu zuen –berdintasunerako teknikariaren eta Iturgain Udal Elkarteko gerentearen parte hartzearekin–, baina erantzunik ez zuen jaso. Ezohiko komisioaren eskakizunaren aurrean egondako erantzun falta dela eta, premiazko mozioa aurkeztu du EH Bilduk, hurrengo erabakiak hartzeko eskatuz: 

-Urgentziaz, batzorde berezi baterako deia egitea.

-Batzorde horretan argitu dadila zergatik ez den martxan jarri dagoen udal-potrokoloa.

-Ikerketa horietatik eratorri daitezkeen galderak argitzea.

-Barne-araubidea eta zehapen-araubidea eguneratzeko konpromisoa hartzea, udal instalazioetan erantzunkizunez eta atzerapenik gabe aplikatzen direnak.

-Orkoiengo Udalarentzat lan egiten duten langileak prestatzea horrelako egoera baten aurrean nola jokatu behar den jakiteko.

-Erantzunkizunez jokatzea, edozein motatako indarkeria ekiditeko udal-instalazio guztietan.