argia.eus
INPRIMATU
Orkoiengo Udalak euskararen ordenantza aldatu eta “edukiz hustu” nahi duela salatu dute
  • Udalak (PSN) indarrean jarri nahi duen neurri berriak euskararen erabilera murrizten duela diote Orkoiengo bizilagunek; izan ere, testu berriak euskara “ahal den heinean” soilik erabiliko dela dio. Neurri berriak proposatu eta erregistratu dituzte, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera.   

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 03a

Azaroaren 29an Orkoiengo Udalaren webgunean egun indarrean dagoen euskararen ordenantza aldatzeko prozesuari ekin zioten, ordenantza “murriztaileago” bat proposatuta. Udalean euskara eta gaztelera erabiltzea jasotzen du oraingo testuak; berriak, berriz, euskara “ahal den heinean” erabiliko dela dio. Abenduaren 29ra arte herritarrek beraien iritzia helarazteko aukera izan zuten eta desadostasun garbia azalerazi zen. “Gehiengo handi batean eskubideen eta iritzien kontra hartuko du erabakia alkateak”, adierazi du Cristina Indaberea EH Bilduko Orkoiengo zinegotziak, Euskalerria Irratian. Alex Lopez sozialista da alkatea, UPNren eta Juntos por Orcoyen taldearen babesarekin.

“Ordenantza berriarekin euskara zokoratu eta edukiz hustu nahi du Udalak”, azaldu du Indabereak; izan ere, euskararen erabilera murrizteak hizkuntza beraren gutxiespena ekarriko duela ziurtatu du.

Orkoiengo bizilagunek “neurriak hartzea” eskatu diete Udalari zein Nafarroako gainerako erakunde publikoei: herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzea eskatu dute; baita hizkuntza eta herritarren arteko berdintasun eta bizikidetzaren alde egitea ere.