argia.eus
INPRIMATU
Orkoiengo herriak sexu erasoa gaitzetsi du
  • Gizon talde batek sexu erasoa egin zion Orkoiengo emakume bati iragan azaroan. Honek salaketa jartzearekin bat eman da erasoaren berri, eta astelehenean erasoa gaitzetsi dute herrian.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 07a
Argazkia: Ahotsa.info

Orkoiengo mugimendu feministak deituta, herrian jazotako sexu erasoa salatu dute astelehenean. "Ez, beti da ez. Bai ez bada, ez da. Ez zaude bakarrik” lelopean, 300 herritar inguru batu dira erasoa gaitzesteko.

Erasoa azaroan gertatu zen, eta emakumeak Foruzaingoan salaketa jartzearekin bat eman da ezagutzera. Antza denez, gizonek harremanetarako sare sozial baten bidez egin zuten kontaktua emakumearekin, eta hitzordua jarri; hitzordu horretan, gizonek sexu erasoa egin zioten emakumeari.

Salaketa jasotakoan, Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak gertakarien gaineko ikerketa abiatu zuen. Ikerketaren ondorioz zazpi gizonezko atxilotu zituzten; horietako hiruri espetxeratzea ezarri die epaileak, eta gainontzeko lauak aske utzi ditu, kautelazko neurriekin. Sexu askatasunaren aurkako delitua leporatzen diete.