argia.eus
INPRIMATU
Orkoiengo Alejandro López alkatearentzat euskarazko ekitaldiak “pribilegioak” dira
  • Abenduaren 20ko osoko bilkuran bertako alkate Alejandro Lópezek (PSN) azaldu zuen herriko ludotekan euskarazko ekitaldiak egitea euskaldunentzat pribilegikoak direla.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 19a

Sare sozialetan arrabotsa sortu dute Lópezen hitzek, gaztelaniaz ari da eta horrela entzuten zaio zehatz mehatz: “Gure ludotekan ekitaldiak gaztelaniaz eta euskaraz egiten dira. Eta euskaldunak joan daitezke euskarazkora eta gaztelaniazkora. Gaztelaniaz dakitenak, aldiz, bakarrik gaztelaniazkoetara joan daitezke. Hau da, zerbitzu bikoitza dute. Izan ere, ez gara eskubideez hitz egiten ari, pribilegioez ari gara”.

Sare sozialetan harrabots handia sortu dute hitzok eta ahotsetako askok euskarafobia leporatu diote alkateari. Iragan abenduan ere gisa honetako beste kasu bat egin zen publikoa: urte bukaerako osoko bilkuran Eguesibarreko alkate Xuriñe Peñasek (UPN) euskarazko kultur ekitaldiak erdaldunentzat baztertzaileak zirela esan zuen.

UPNk sostengatutako alkatetza

Alejandro López PSNko alkateak 23 urte ditu eta Zuzenbidea eta Filosofia ikasketen gradu bikoitzaren azken urtea amaitzen ari da. EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak  Orkoienen –azken hiru legealdietan hala izan da–, baina Nafarroako beste hainbat udaletan moduan, UPNko botoekin atera zen alkate López. Iruñeko zentsura mozioa dela eta, aldiz, sostengua kendu dio UPNk. Oraindik, alabaina, Junt@s por Orkoien ezkerreko hautagaitzaren sostengua du. Orkoien Iruñerriko ipar-mendebaldeko 4.051 biztanleko herria da.

Beheko txioan egin zuen salaketa Beñat Hach Embarek kazetariak, eta bertan entzun daitezke Lopezen hitzak.