Ordiziako Orkli kooperatibak 50.000 euroko funtsa jarriko du "komunitatetik sortutako ekimenak" laguntzeko. Orklidea izena jarri diote programari eta Euskal Herri osoko proiektuak aurkeztu daitezke.
Euskal Herri osoko elkarteei zuzendua, Orkliren laguntza programak "elkarlanean sortutako ekinbideak, ilusioaren hazitik ernaldutako ideiak, kideen babesarekin goxatutako proiektuak…", hartzen ditu bere gain.
Orklidea izena jarri diote programari eta 50.000 euro banatuko ditu Ordiziako kooperatibak, IPDK Interes Publikoko Dirulaguntza Kooperatiboaren funtsetik. "Komunitatetik sorturiko ekimenak" lagundu eta, lankidetzan, "euskal gizartearen eraldatze prozesuaren parte" izatea da xedea.
Zehazki, bi kategoriatako proiektuak sarituko ditu, bere tamainaren arabera: 35.000 euroko laguntza lehen kategoriako irabazleari eta 15.000 eurokoa bigarren kategoriako irabazleari.
Proiektuek lotura izan beharko dute funts horiek jasotzeko oinarriekin, hala nola: berrikuntza, pertsonen arteko aukera berdintasuna, euskara, balioen heztea, zaintza, ingurumena, zahartzaro aktiboa, belaunaldi arteko transmisioa... Ekainean zabalduko da proiektuak aurkezteko epea, abuztura arte.
Orklik proiektuak aztertu ondoren erabakiko du zein saritu: "Dena den, haratago joan nahiko genuke eta proiektuaren parte izateko pausoa ematen saiatu", azaldu dute prentsa-ohar bidez.