Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
Orkatz Gallastegik jakinarazi duenez, “ezker abertzaleak azken urte hauetan guztietan garatu duen ildo eta estrategiarekin desadostasun sakonak” ditu, eta horregatik utzi du presoen kolektiboa. “Behinola Ezker Abertzalea Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialerako erreferente politiko” izan zen, baina gaur egun dagoeneko ez da.
Gallastegiren ustez, “presoek bete beharreko rola preso izatera eraman dituen borroka politikoaren zilegitasuna mantentzean datza; hots, herri batek zapalkuntzari aurre egiteko duen eskubidea ez ukatuz ezta gaitzetsiz ere”. Bere esanetan, presoen arazoa bideratzeko ezker abertzaleak ezarri duen bide-orriak ekarri du EPPK-k koherentzia politiko hori urratzea.
Idazkian dioenez, gaur egun presoek bizi duten egoera “dramatikoa da”, eta “presoen marroia” beren gainean utzi da. Gaur egungo ezker abertzalearen estrategiarekin “baliogabe uzten da Euskal Herriak herri zapaldu gisa azken hamarkada mordoan eskuratutako zilegitasuna”, eta zilegitasun galera horrek zuzen-zuzenean eragiten dio “oraindik bukatu ez den askapen borroka honi”.
“Argi utzi nahi dut –jarraitzen du presoak– kidegoa uzteko erabaki hau ez dela hartu inoren aurka jotzeko; oinarrizko koherentzia politiko batek narama pauso hau ematera”. Gallastegi 2002an atxilotu zuten eta orduz geroztik dago preso, orain baino lehen Topaseko (Salamanca) eta Castello I-eko (Valentzia) espetxeetan.