Espainiako La Sexta telebista kateak, Al Rojo Vivo saioan, Oriol Mitjà zientzialari eta ikertzaile katalana elkarrizketatu du. Konfinamendua bukatu eta hurrengo egunerako prestatu behar dugula adierazi du ikertzaileak, bestela kutsatu kopuruak berriz ere gora egingo duela. Gobernuari eta enpresei dei egin die, berrogeialdia bukatu baino lehen, apirilaren 13rako, test masiboak eros ditzaten.
Berrogeialdia bukatutakoan ere, Covid-19 hor egongo dela eta orain bezain oldarkorra izango dela azpimarratu du ikertzaileak. Apirilaren 13an, bestelako agindurik ez badator behintzat Espainiako Gobernutik, herritarrak, Hego Euskal Herrikoak barne, kalera aterako dira, dendak irekiko dituzte eta jendea lanera joango da. Zientzialariak kezkaz bizi du apirilaren 13a gerturatzea eta estrategia baten beharra azpimarratu du.
Gobernuari eta enpresei eskatu die hasteko test azkar serologikoak erosten, eta azaldu du zertarako liratekeen test azkar serologikoak: Imperial College London Unibertsitatearen modeladore matematikoak eta beste batzuek egindako kalkuluen arabera, baieztatu den positibo kopurua baino jende gehiago kutsatu da koronabirusaz, kalkulu matematiko horien arabera, Espainiako Estatuan populazioaren %5 eta %15 artean. Horrek esan nahi du jende horrek ezingo duela inor kutsatu eta beraiek ere ezin direla kutsatu berriz, immunitatea lortu baitute. Litekeena da ordea, gaitza pasa dutenek gaixo egon direla ez jakitea. Beraz, zientzialariak test azkar serologikoak proposatzen ditu, apirilaren 13an, berrogeialdia amaitu eta lehenengo egunean, egiteko. Behatzean ziztada txiki bat eta hamabost minutuan jakingo da emaitza. Gaitza pasa badu, hor agertuko da arrastoa, eta beraz, pertsona horrek badaki inolako arriskurik gabe egin dezakeela eguneroko bizitza.
Zer egin immunizatuta ez dauden milioika herritarrekin? Zientzialariak sintomak garaiz identifikatzeko moduak aurkitzea proposatzen du. Sintoma arinak izanez gero, osasun zentroetara jo beharko genuke, eta orain arteko test mota egingo genuke edo test azkarra, hamabost minutuan emaitza ematen duena. Kontatu du nola Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan norberaren mugikorrak erabiliz hainbat proba egiten ari diren. Adibidez, gaixoak mugikor bidez ohartarazten dio osasun zentroari sintomak dituela eta osasun zentroak mugikorren jabeen osasun egoera eta mugimenduak kontrolatzen dituzte.
Hori dena egiteko logistika, baliabide materialak eta langileak behar direla ohartarazi du, eta berriz esan du hamar egun ditugula horretarako. “Ondo egiten ez badugu, atzera egingo dugu, eta kutsatuen kopuruak gora egingo du”.