argia.eus
INPRIMATU
Gizonezko batek emakume bat hil du Orion eskopetaz
  • Hilketa matxista kasu baten aurrean gaudela berretsi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Astearte arratsaldean hasiera batean leherketa bat aipatzen bazen ere, Orioko Arrantzale kalean gizonezkoak bere bikote ohia eskopetaz hil eta ondoren bere buruaz beste egin duela ziurtatu dute. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak protokoloa aktibatu du eta mobilizazioa deitu du Orion 19:00etan.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 17a
Gizon batek beste emakume hil du kalearen erdian, ustez, eskopeta batekin. Argazkia: EiTB Media

Lourdes del Hoyo 47 urteko emakumea eta bi seme-alaben ama hil du gizonezko batek Orion, astearte arratsaldean. Tiroketa bat aipatu zen hasieran, baita eztanda bat ere. Berehala indarkeria matxista kasu bat zela jakin zen eta gizonak emakumea kanoiak ebakitako eskopeta batekin hil zuela, ondoren bere buruaz beste egiteko.

Hala baieztatu du asteazken goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Azaldu duenez, gizonak arma lizentzia zuen eta eskopeta berea zen. Aldez aurretik etxean "legez kanpo manipulatu" eta kanoiak ebaki zizkion armari.

Erkorekak azaldu duenez, jasotako testigantzen arabera emakumeak eta gizonak harremana izan zuten, baina momentu honetan ez zebiltzan elkarrekin. Asteartean, hilketa matxista izan zenean, Orioko Arrantzale kaleko parke batean zeuden, dirudienez aldez aurretik geldituta zeudelako.

Segurtasun sailburuaren arabera gizonak ez zuen aurrekaririk eta emakumeak ere ez zuen inolako eskaerarik eginda indarkeria matxistaren kontrako protokoloak aktibatzeko.

Hilketa matxista

Astearte iluntzean Iñigo Urkullu lehendakariak "balizko indarkeria matxista kasu baten" aurrean gaudela iradoki du. Orioko Udalbatza, bestalde, hilketaren aurrean eman beharreko erantzuna aztertzeko bildu da.

Euskal Herrian gertatzen den lehenengo hilketa matxistaren aurrean gaude. Pasa den urtean bost emakume hil zituzten indarkeria matxistaren ondorioz eta, Berriak egindako kontaketaren arabera, 2003tik 117 emakume  eta 11 haur dira hildakoak.

Elkarretaratzea

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak protokoloa aktibatu eta elkarretaratzea deitu du Orion 19:00etan asteazkenean. Mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte.

Gipuzkoako Aldundiak, bere aldetik, isilunea egiteko deialdia zabaldu du, eguerdiko 12:00etan Foru Jauregiaren egoitzaren atarian.