argia.eus
INPRIMATU
Orioko bardoa

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2023ko abenduaren 07a

Benito Lertxundi

Ospakizun gauean

Noiz: Azaroaren 26an.

Non: Baluarten (Iruñea).

------------------------------------------------------------

Eguberriak hurbiltzen ari direlarik dugu urteroko zita iruindarrok Orioko bardoarekin, azken urteetan pandemia eta beste tarteko urteroko maiztasuna lausotu bada ere. Kontzertuaren aurretik eta ondotik, berdin-berdin Ezin da ez etorri-ka agurtzen dugu elkar kontzertura bidean edo atera berritan topatzen garen edozein lagunek. Ez dakigu noiz izanen den azkena gehitu zaio aurrekoari azken hiruzpalau aldietan.

80 urte pasatxo eta bi ordu eta piko oholtzan zutik, tente. Urtetik urtera itzaliago, ahulago, ez hain presente. Baina ba al dute lekurik adjektibo horiek? (80 urte pasatxo eta bi ordu eta piko). Benito Lertxundi izan da euskal kantagintza berrian aritu zirenen artetik entzunena gure etxean. Beti izan dira guaya-goak Laboazaleak, baina zer eginen diogu, hala tokatu zen gurean. Bere ahotsak jarri dio soinu banda gure haurtzaroari, bere ahotsak goxatu ditu (ez hainbeste amarendako) autoko bidaia luzeetako asko, bere ahotsak kantatzen du aitak bere hiletan jartzea nahi duen abestia.

Zeberio anaia bi, Olatz Zugasti, Ángel Unzu, Pello Ramírez… Edozein egon daiteke lasai hauekin inguraturik. Jendea Benito ikustera heldu da, baina XX. mendeko Benito, inguruko ia inork ez du kantu berririk kantatzen. Sentsazioa dut hilik dagoen artista bati zaion miresmena zaiola Lertxundiri, baina bizirik egonik.

Intza Unanue eta Olatz Zugastiren ahotsek gero eta protagonismo handiagoa hartzen dute, abestia bukatu aurretik mugitzen du Lertxundik zubitoa hurrengorako, gero eta pieza instrumental gehiago dago, kanturen baten hasiera kantuz eman ordez deklamatu egin du… Ez dakit metaforikoki ari diren, baina gutxinaka desagertzen doa taulatik Ez dok amairu-ko kidea. Ez da inolako kritikarik, berriz diot, ea nor den gai adin horretan horrela ibiltzeko…

Kantagintzan hasi berria zela egin zioten gonbitea Tuteratik jotero festibal batera joateko. 1968-1969 urtea izanen zen eta lehen aldia zuen oriotarrak Tuteran. Orduan ezagutu zuen Erribera eta hortik egun batzuetara sortu kantu homonimoa. Urteak abestu gabe eman ondotik Hiri Buruzagiari eskaini dio gaur, emazteak Oriotik Iruñerako bidean horretarako xaxatu ondotik.

Esan dut berri-ekin ezetz, baina Jaun Baruak, (autotunerik gabeko) Mirotzak edota Nere herriko neskatxa maite kantuen lehen pista errekonozibleak entzutean segundu batzuez erotzen da Baluarte. Azken honen bueltan red flag posible baten azalpena eman duela esanen nuke, baina ez dut deus konfirmatuko.

30 kanturen ondotik atera gara azaroko igande gaueko kale freskora. Baten bat dezepzionaturik, asko hunkituta, datorren urteko udazken edo neguko beste iluntze hotz batez ezin da ez etorri errepikatzeko gogoz ni.