argia.eus
INPRIMATU
Oriako Itxian legez kanpoko hondakin gehiago ari dira pilatzen
  • Eguzki Talde Ekologistak salatu du duela urtebete eman zuela arazoaren berri, baina zabor pilaketa larritu baino ez dela egin. Orian, Villabonan eta Agaraitzen 1.160 kilogramo hondakin batu dituzte azken bi hilabeteetan, Ekologistak Martxan taldearen arabera.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 26a
Oriako Itxian dagoen hondakin pilaketa. Argazkia: Eguzki Talde Ekologista

Eguzki Talde Ekologistak salatu duenez, Oriako Itxian (Lasarte-Oria) geroz eta legez kanpoko hondakin gehiago ari dira pilatzen. Ekologistek duela urtebete eman zuten arazoaren berri, eta abuztuan salatu dute arazoa konpondu gabe egoteaz gain, lehen baino zabor gehiago dagoela. Igandean sare sozialetara igo duten bideo batean erakutsi dute ingurua nola dagoen, 2020ko azaroko egoerarekin alderatuz. 

Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu dagoen eremua izan arren, Donostiako udalerriaren parte da ingurua. Ekologistek 2020ko abuztuan eman zioten Udalari arazoaren berri, eta esku har zezan eskatu zioten. 2020ko azaroan salaketa publiko bat jarri zuten, eta abenduan jaso zuten erantzuna: hondakinak lur pribatuetan zeudenez, administrazioak errekerimendu bat bidali behar zien jabeei, eta bete ezean, Udalak bere gain hartu beharko zuen garbitzearen ardura.

 

 

Garbiketak Orian, Villabonan eta Agaraitzen

Ekologistak Martxan taldeak emandako informazioaren arabera, Amasa-Villabonako Udalak aurten jarri du martxan ibai, erreka eta ingurune naturalak garbitzeko plana. Urzain taldeko langileek Oria ibaiaren inguruan, Villabonako herri guneetan eta Agaraitz industriagunean egin dituzte garbiketak.

Uztailaren 19tik 23ra bitartean egin dute lehena, eta 712 kilogramo hondakin atera dituzte. Bigarren garbiketa lana abuztuaren 16 eta 20 artean egin dute, 446 kilogramo zabor kenduz. Bildutako materialak –1.160 kilogramo, guztira– frakzioetan sailkatu eta Tolosako eta Andoaingo bi Garbigunetara eraman dituzte.

Ekologistak Martxanek esan duenez, aurkitutako hondakinek “beste behin, agerian uzten dute hainbat pertsonen axolagabekeria eta ingurumenarekiko errespetu eza”. Mota guztietako zaborra bildu dute: egurra (280,5kg), plastiko gogorra (234kg), metalezko latak (161,66kg), eraispeneko obra handiak (71,5kg), beira (34,8kg) zein neumatikoak eta kautxo hondarrak (20kg). Bestalde, pilak, errefusa, arropa, musukoak eta toallitak ere aurkitu dituzte.