argia.eus
INPRIMATU
Oria paper-fabrikak isurketa bat izan zuen Oria ibaira joan den astelehenean
  • Zizurkil eta Villabona-Amasa artean izan zen isurketa astelehenean, Eguzkik jakinarazi duenez. Isurketa ez da oso kaltegarria izan, talde ekologistaren arabera.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 15a
Oriako paper-frabrikak izandako isurketa. (Arg.: Eguzki)

Kaltzio karbonato (CaCO3) isurketa izan zen, antza denez gai oso ohikoa paper-fabriketan papera leundu eta sendotasuna emateko. Substantzia arriskutsua izan daiteke kantitate handietan, baina Eguzkik esan duenaren arabera, ez da hala izan ez baita hildako arrainik agertu Orian.

Isurketa Oriako paper-fabrikako balbula batek huts egin eta gero gertatu zen. Aldi honetan larritasun handirik eduki ez duen arren, Eguzkik ohartarazi du argi geratu dela halako enpresek ez dituztela beharrezko azpiegiturak halako arazoei aurre egiteko; eskaera egin diote enpresari egoera hauek errepika ez daitezen beharrezko neurriak har ditzaten. Uraren Agentziari, berriz, egoera bertsuan dauden enpresa eta lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea galdegin diote.