argia.eus
INPRIMATU
“Orgasmo arrakala” kontzeptuarekin bueltaka
  • Orgasmo arrakalaren atzean generoen arteko berdintasun eza dago, ekonomian gertatzen den bezala.

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko apirilaren 06a
Paolo Damonti Katakrak liburudendan (Argazkia: Ione Arzoz)

Sexuaren moralizazioaren azken kapitulua bizi izan zen Iruñean urtarrilaren azken asteetan. Alkateak Udalaren Berdintasun Arloak Emakumeen Etxean “orgasmo arrakalaren” inguruan antolatutako hitzaldia debekatu zuen. Horri esker, hitz gako horien atzean zegoena ezagutzeko 400 pertsona inguru gerturatu ginen Katakrakera, hitzaldia azkenean garatu zen tokira.

Ekonomiaren arlotik oso modu egokian ekarritako kontzeptu honek sexu harreman heterosexualetan gertatu ohi denari izena ematen dio, eta pentsamendua garatzeko tresna bihurtu da. Paola Damontik hitzaldian esan zuen bezala, modu kolektiboan bizi den egoera bat da emakumeen artean bostetik batek orgasmorik ez sentitzea gizonezkoekin sexu harremanak dituenean.

Detaile denak ezagutzeko hitzaldi osoa entzun behar bada ere, atentzioa eman zidaten horietatik bat ekarri nahi dut eztabaidara: emakumeen identitatearen osaketan “erruak” duen pisua. Horrek azaltzen du maiz emakumeek orgasmo bat izan duten itxura egitea, adibidez. Edo sexu harreman heterosexual batean (hitzaldiak horiek bakarrik izan zituen ardatz) gozatzen ez baduzu ere, hori ez etetea. Norberaren afera pertsonala dela esan ohi bada ere, begirada egituratuago batek eta kontzeptua erabiltzen hasteak perspektiba ezberdina ematen digu.

Orgasmo arrakalaren atzean generoen arteko berdintasun eza dago, ekonomian gertatzen den bezala. Eta ikuspuntu estruktural batetik begiratzeak egoera problematizatzeko aukera ematen digu, beste edozein ikuspuntuk, eta batez ere emakumeei zuzendutako diskurtso ez askatzaileak (orgasmorik ez izatea bakoitzaren ardura dela diotenak, batez ere) arrakala sakontzeko besterik ez baitute balio. Ongi etorria orgasmo arrakalaren debatea!