argia.eus
INPRIMATU
Orexako Basabe zentrala: nolakoa zen gure aitona-amonen energia berriztagarria?
  • Mende bateko historia gordetzen duen eraikina da Orexako Basabe zentrala. Urtetan abandonatuta egon ondoren, 2014an Orexako Udalak zentral hidroelektrikoa berreskuratzeko erabakia hartu eta Burdina taldearekin harremanetan jarri zen. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 05
Elektrak, errotak, zerrak eta beste hainbat lan-tresnek osatzen dute Basabeko zentrala (argazkia: vimeo.com)

Joxe Ramon Berrondo Burdina taldeko kidearen arabera, Gipuzkoan “oso gutxi” dira gaur egun mantentzen diren modu honetako ondasun historikoak. Basabek ur indarrez sortzen du elektrizitatea, errota mugitzen du eta ur berarekin funtzionatzen du zerrategiak.

Zentralaren garbiketa eta txukunketa lanetan auzolanean aritu dira Orexako herritarrak eta Burdinako boluntarioak. Berreskuratze lana “oso polita” izan dela adierazi du Manu Izagirre Burdina taldeko kideak 28Kanalean: “Herritar asko gogoratzen ziren nola zen hau lehen eta kontatzen aritu zaizkigu zentralak nola funtzionatzen zuen”.

Basabe zentrala 1930. urte inguruan izan zen eraikia. Goiko pisuan langilearen bizitokia dago, eta beheko plantan berriz, laneko espazioa: Elektra, errota, zerra eta beste hainbat lan-tresna daude bertan. Makineria guztia jatorrizkoa denez, bisitak egiteko toki oso interesgarria izan daitekeela adierazi dute Burdinako kideek.

Eneko Maioz Orexako alkateak oso positibotzat jo du Basaben herritarrekin egin duten lana: “Hauts eta zikinkeria guzti horren azpian zegoen ondarea ikusi dugu, eta hori oso pozgarria izan da”. Burdinako kideek azpimarratu dute, Basaben lanean hasi zirenean zentrala egoera oso txarrean zegoela, eta konpondu izan ez balitz ziurrenik gaur egun erorita egongo litzatekeela.