argia.eus
INPRIMATU
Errenteriako Udaleko indar guztiak bat, biktimen aitortza eta erreparazioan
  • 2015ean Udaleko indar guztien adostasunarekin hasitako bideari jarraiki, udal langile ziren biktima mortalak omendu dituzte lehen aldiz indar guztiek aho batez. ETAk hil zituen hirurak, eta lehen aldia da EH Bilduren udal batek espresuki antolatzen duela gisako omenaldi bat. 

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 30a

2015eko azaroaren 10ean aho batez onartu zuten Errenteriako Udala osatzen zuten indar guztiek “memoria partekatu baterantz” Errenterian 1956tik 2012ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko txostena.

Aitzindaria izan zen, bereziki PPren eta EH Bilduren parte-hartze eta adostasunagatik. Bertan Giza Eskubideen urraketa bezala kontsideratzen dira bizitza kentzea eta osotasun fisikoaren kontrako urraketak. Hori jasan duten guztiak biktima gisa hartuko dira, eta dagozkioen aitortza, egia eta erreparazioa bilatuko da. Julen Mendoza alkatearen hitzetan: “Guk ez dugu epaiketarik egingo, justizia eta erreparazioa baizik. Ez gehiago, ez gutxiago”.  

Asteazkenean egin den ekitaldian, udal langile ziren biktima mortalak izan dituzte gogoan. ETAk 1984an hil zuen Vicente Gajate, udaltzain eta PSEko kidea; 1997ko abenduan Jose Luis Caso, PPko zinegotzia; eta 1998ko ekainean Manuel Zamarreño, PPko zinegotzi eta Casoren ordezkoa.

Alkatearen hitzetan adostasuneko lehen ekitaldi ofiziala da hau, “1956etik gaur arteko biktima guztien onarpenerako bidean”. Gainontzeko indar politikoen eta biktimen prestutasuna eskertu eta akordioaren bidearen garrantzia azpimarratu du.