argia.eus
INPRIMATU
Orereta Zutik Madalena jaietarako ekintzak prestatzen murgilduta
  • Festen lehen eguna eta koadrilen eguna dituzte begiz joak, eta ekintzen artean, kale antzerki bat ere bai.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2016ko uztailaren 06a
Uztailaren 5eko Orereta Zutik asanblada.

Asteartero biltzen da 19:00etan Zumardian Orereta Zutik asanblada. Azken asteetakoak Madalenetan (uztailak 21ean) egingo dutena prestatzeko bideratu dituzte.

Kartelak eta ekintzak

"Madalenetan herria pankartaz jostea", horra uztailaren 5eko asanbladan izan zen kide batek azaldu digun lehen ekintza. Eskulanak ere egingo dituzte kalean aste hauetan, festetan erabiltzeko "karro batean eramango dugun erraustegi bat, adibidez...".

Kontzertu bat ere begiz joa dute, eta talde horrekin saiatuko dira ekintza bat adosten.

Eta kale antzerkia ere prestatzen ari dira: Marierrauskiñerekin eta 2 super-heroiekin Oreretan bisita turistiko bat egitea izango du ardatz.

Finantzazioa

Herriko beste taldeek utzi diete orain arte materiala. Finantzazio iturriak lantzeari ere ekin diote, oinarrizko gastuak ordaindu ahal izateko. Gipuzkoa Zutikeko isunak ordaintzeko trikipoteoa egin zuten Oreretan bere garaian, eta berriz egitea ari dira aztertzen.

Beste herriekin ere jarriko dira harremanetan, materiala elkarri uzteko.

Sinadura bilketa udalekuen sarreretan

Udan hainbat udaleku egiten dira Oreretan, eta horien sarrera eta irteera orduetan gurasoen artean sinadurak bilduko ditu Orereta Zutikek.