argia.eus
INPRIMATU
Oreka

Uxue Apaolaza Larrea 2024ko abuztuaren 23a

Ile-apaindegira joan behar dut” pentsatu nuen ikasturte hasieran, eta ez nintzen joan. Ile luzearekin hasi nintzen, eta berdin bukatu (bide erdian mototsa egin nuen buruz behera jarrita, eta zati bat moztu nion. Inor ez zen konturatu. Ezta ni ere). Ezkutatzen nau keinua falta badut, eta, batez ere, ez dut kezkatu beharrik zer kentzen didan, zer ematen didan, beraz, zer galduko nukeen moztuz gero. Ez naiz erakargarriagoa, baina ezta gutxiago ere, ileak erakargarri, edo kontrakoa, egiten zaituen fronte guztietan. Izango ziren nahikoa erronka bestela ere orekari eusteko, beste aldaketa bati neurria hartzen ibili beharrik gabe.

Dutxako hustubidea buxatzen zait bi egunean behin; gero, ura pilatzen da, eta atearen azpitik komun osoa putzutzen du. Ile bustiarekin ibili naiz negu betean, ondo lehortzea ezinezkoa delako norabait garaiz iritsi nahi baduzu, eta zeure burua atontzeaz gain haur batek bere burua presta dezan lortu behar baduzu, eta ez baduzu ordu txikiegitan jaiki nahi (hala oheratu zarenez). Lehorgailuak otsailean utzi zion ahalegintzeari. Berri bat frustratzen hasi behar izan nuen. Horretan hasi aurretik, burua toaila batean bilduta janzten naiz, askatzen dut ilea, eta bustitzen dut guztiz soineratutako arropa. Janarian sartzen zait. Jertsea kentzen dudanetan iletik tiratzen dit. Halako erabaki orekatuak hartzetik eratorritako bizitzak kalbak eragin zizkidan, eta ile-apaindegira joan ez naizenez orain ile-xerlo motzagoak dauzkat soilguneen lekuan, gris-grisak, puntan kizkurtuak (hobeto ikusteko), filmetako sorginen itxura ematen didatenak. Katuen ile bolak diruditenak azaltzen zaizkit garbigailuan maindireak garbitzen ditudanean. Nireak.

Zorriak lehen aldiz sumatu nituenean grazia egin zidan, eta barre egin nien guraso kezkatuei. Gero eta azkarrago azaltzen ziren baina; eta azkenik, ez ziren desagertzen. Astean behin egiten dut tratamendua, intsektizidaduna. Lehen egunean berean sumatzen ditut lehen azkura puntu urrunak, eta hazka eta hazka, detergente usaineko pozoia mina egiten hasi zitzaidan, zauriak nituen. Asteroko minaren arindua irrikatzen dut orain: nahiago dut mina. Granoak ere sumatzen hasi nintzen. Interneten begiratu nuen ea zorriak nahikoa denbora edukita azal azpian arrautzak jartzeko errezeptakuluak egiten dituzten; edo Goibi biltegiak, nik, trapi jainkotiar honek, asteroko hornidura ekarri arte intsektizida dosiekin espekulatu ahal izateko. Orain, azkura daukat ez buruan bakarrik, baizik eta gorputz osoan, eta hazka egin eta granoak ateratzen zaizkit (Interneten begiratu dut ea zorriak gorputz osora heda daitezkeen). Ez dut inoiz zomorro bakar bat ikusi.

Orain, ile-xerlo batzuk motzago, beste batzuk irregular moztuta, zorriak, zorrien arrautzak, granoak eta odola… lotsa ematen dit ile-apaindegira joateak. Galdetuko didatelako han, leku guztietan galdetzen didatena: “Baina, maitea, nola ez zinen lehenago…”. Lehenago. Ba bai, ez?, maita nazatela beste zerbaitegatik. Baina non. Zer konpentsatu beharko dut orekari eusteko. Edo ez nazatela maite. Hiru hilabeteko uda aurrean. Beroa. Ile-apaindegira joateko. Eta ez nazaten…