Donostiako Zinemaldian euskal film onenaren saria eskuratu eta Euskal Herriko aretoetan estreinatu ondoren, nazioarteko jaialdietara begira jarri da Koldo Almandozen Oreina filma. Gainera, zenbait emanaldi berezi prestatu dituzte hilabete honetan, Euskal Herriko aretoetan.
Filmean leku garrantzitsua hartzen duen Aginagan egin dute emanaldi horietan lehena urriaren 5ekoa izan da. Aginagako Asisko San Frantzisko eliza zaharrean zuzendariak berak aurkezpenak eginda proiektatu zuten Oreina.
Urriaren 15ean berriz, Tolosako Leidor zineman emango dute eta Almandozen aurkezpenaz gain, filmari buruzko solasaldia ere izango da.
Handik sei egunera, urriak 21, igandea, Azpeitiko Soreasu antzokian emango dute pelikula, zuzendariaren eta Erika Olaizola aktorearen ekarpenez lagundua.
Okzitaniako Tolosako festibalean lehian
Atzerrian Oreina-k egingo duen ibilbideak Okzitaniako Tolosoan du hurrengo geltokia: 23. Cinespaña jaialdian parte hartuko du eta 6.000 euroko saria duen Violette d’Or saria irabazteko hautagaia da. Koldo Almandoz bera eta Laulad Ahmed aktorea jaialdian izango dira filma aurkezten.
Urriaren 5ean estreinatu zen Frantziako Estatuko 30 areto ingurutan pelikula eta leku horietan hilaren 14ra arte ikusi ahal izango dela informatu du Txintxua Films ekoiztetxeak.