argia.eus
INPRIMATU
‘Oreina’ filma urtarrilaren 21etik aurrera estreinatuko da Ipar Euskal Herrian
  • Koldo Almandozek zuzendutako filma datorren astetik aurrera ikusi ahal izango da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako aretoan.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 18a
Koldo Almandozen filma Ipar Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izango da datorren astetik aurrera.

Zuzendaria bertan izango da aurkezpen eta solasaldietarako Baiona, Donibane Lohizune, Donapaleu, Hendaia, Maule, Donibane Garazi eta Kanbon. Emanaldi horiei buruzko xehetasun gehiago emango ditu Almandozek datorren astelehenean Baionako L'Atalante zineman egingo duen aurkezpenean.

Ostegun honetan aurre-estreinatu da filma Frantziako Estatuan. Orthezen (Okzitania) egindako proiekzioan Laulad Ahmed Saleh eta Patxi Bisquert aktoreek parte hartu dute.

Pelikula ekoiztu duen Txintxua Filmsek jakitera eman duenez, Gabarra films banatzaileari esker estreinatuko da Oreina Bidasoaren alde kontinentaleko hainbat aretotan.

Eta sari-kontuengatik ere albiste da Oreina: Espainiako Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak antolatutako Feroz Sarietan 2019ko Sari Berezia eskuratzeko lehiatuko da. Larunbat honetan jakingo dugu irabazle suertatzen denentz.