argia.eus
INPRIMATU
“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan
  • Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko otsailaren 28a
2023ko manifestazioaren amaiera. Argazkia: Hala Bedi

Igandean 48 urte beteko dira Poliziak Gasteizen, hilabetetako greba eta borroka testuinguru batean, Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García eta Bienvenido Pereda Moral hil eta ehunka herritar balaz zauritu zituenetik. Ondoren, elkartasun mobilizazioetan, Poliziak Juan Gabriel Rodrigo hil zuen Basaurin, eta Vicente Antón Ferrero Tarragonan.

Astelehen goizean prentsa agerraldia egin dute LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuek, igandeko mobilizazioa aurkezteko. Eguerdiko 12:00etan ekitaldia egingo dute Martxoak 3 plazaren monolitoan, eta bertatik abiatuko da manifestazioa 12:30tan, Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz lelopean.

“Borroka aldarrikatzen dugu, ordukoa eta oraingoa, eta etorkizun justu bat pertsona guztientzat”, azaldu dute sindikatuetako ordezkariek. 1976Ko borroka goraipatu dute, eta ondoren nagusitu zen ukazioa salatu: “Borroka hura gogor zapaldu eta estali zuen iruzurrezko trantsizio batek, egia, justizia eta biktimentzako erreparazioa ukatuz eta langileriaren esplotazioa bermatzen zuen sistema politiko, sozial eta ekonomiko bati eutsiz. Eta orduko egoeratik dator egungoa”. Memoriaren esparruan, aipatu dute “behingoz” erakundeak bat egin dutela, Martxoak 3 Memoriagunea sortzeko emandako azken urratsak direla eta (ARGIAri emandako elkarrizketan Martxoak 3 elkarteko kide Nerea Martínez oso kritiko mintzatu da erakundeen jarrerarekin).

Egungo egoera laburtzeko orduan, aipamena egin diote eskuin muturraren hazkundeari, kapitalismoaren garapenkeriari –“batzuetan berdez mozorrotuta baina edonola ere basati”– edo trantsizio ekosozialaren beharrari. Gogoratu dute greba feminista orokorra izan zela orain gutxi, eta emakumeek “funtsezko” parte hartzea izan zutela 1976ko greba mugimenduan. “Hortaz, dei egiten dugu borrokatzen jarraitzera zaintza-lanak duintzeko eta banatzeko eta zaintza-sistema publikoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea lortzeko”.

Palestina gogoan

Hainbat aldarrikapen politiko, ekonomiko eta sozial egin dituzte sindikatuek, tartean desmilitarizazioarena, “gatazkara eta gerrara garamatzan mundu honetan”, eta aipamen berezitua egin diote Palestinari: “Ezin dugu ahaztu herri palestinarra bizitzen ari den genozidioa. Horren aurrean, Israelek genozidio hori gelditzea eta hemen Israelen gerra, okupazio eta genozidio estrategiarekin dauden konplizitate guztiekin amaitzea eskatzen dugu”.

Hainbat ekimen eta deialdi

Igande eguerdiko manifestazioa izango da 1976ko borroka omentzeko ekimen nagusia, baina urtero legez egun horren bueltan ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek. Arabako Alea-k jaso ditu hurrengoak:

 

Martxoak 3 Elkartea

Martxoan zehar: Martxoaren 3ko kartelen erakusketa, Zaramagako Bizan zentroan. Aurkezpena martxoaren 1ean, ostiralean, 17:00etan.

Otsailak 27, asteartea, 18:30: hitzaldia Iortia Kultur Etxean (Altsasu). Ernaik eta Sortuk antolatuta.

Otsailak 27, asteartea, 18:30: Gasteizko sarraskia eta herri M3moria hitzaldia Landatxon. Ernaik eta Sortuk antolatuta.

LAB sindikatua

Martxoak 1, ostirala: 10:00etan ekitaldia, Aldabe gizarte etxean; eta 12:00etan mobilizazioa.

EH Bildu

Martxoak 3, igandea: 11:00etan ekitaldi politikoa Pello Otxandianorekin, Martxoak 3 plazan; eta 11:45ean lore eskaintza, monolitoan. Erabaki etorkizuna lelopean.

Gazte Blokea

Martxoak 3, igandea: 11:30ean gazte blokea, Hala Bedi tabernatik, Gazteok batuz, justizia borrokatu lelopean.

Mugimendu Sozialista

Martxoak 2, larunbata: 11:30ean solasaldia Imanol Satrustegirekin (itzulpena egongo da), Aldabe gizarte etxean; eta 13:00etan omenaldia, Martxoak 3 plazan.

Martxoak 3, igandea: 11:30ean bloke sozialista Santa Maria plazatik, Atzoko eta gaurko borrokaz, langile boterea eraiki lelopean.