Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.
Donostiako zinegotzia eta Gipuzkoako popularren liderra zen Gregorio Ordoñez, alderdiaren barruan goranzko ibilbidea egiten ari zena, eta Donostiako alkatetza buruan zuena. Ez zen samurra irudikatzea PPko bat Donostiako alkatetzan, eta egiazki gertatzeko ere zaila zen, baina ez ezinezkoa. Bere ametsak ez ziren hutsalak, 1994ko bi hauteskundeetan –Europako Legebiltzarrekoak eta Eusko Legebiltzarrekoak– PP Donostiako lehen indar politikoa izan zen. 1995eko maiatzean udal hauteskundeak izan ziren eta horiek prestatzeko bazkari batean hil zuten Donostiako jatetxe batean.
Ibilbide horrekin aparretan ziren PPkoak. Espainian PP sendotzen ari zen eta Euskal Herrian ere bai. Dagoeneko, José María Aznar zen oposizio burua Espainian eta 1996an hauteskundeak irabazi zizkion PSOEko Felipe Gonzálezi. 1994ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan 11 parlamentari eskuratu zituen PPk –1991n baino bost gehiago–, 1998koetan hamasei eta 2001ean, Jaime Mayor Oreja buru, goia jo zuen hemeretzirekin, legebiltzarreko bigarren indarra izateraino.
Popularren gorakadaren testuinguru horretan hil zuen ETAk Ordoñez. 1988an ETAren aurka alderdi nagusi denek sinatutako Ajuria Eneko Itunari kosta egin zitzaion bidea egitea, baina behin abiatuta 1990eko erdialderako sendo zegoen eta zokoratzen ari zen ETA, eta harekin ezker abertzalea. Azken honek, dena den, oraindik indar politiko eta sozial handia erakusten zuen. Baina ezker abertzalean arrakalak gero eta handiagoak ziren, ETAk ez zuen lortzen Espainiako Gobernua negoziatzera esertzea, eta estatuak, aldiz, gero eta gogorrago kolpatzen zuen hura.
Bidartetik Oldartzen-era
Kolpe handi horietako bat izan zen Bidarten ETAren Artapalo zuzendaritza kolektiboaren erorketa, 1992an. Zartako handia bai, baina ez ondoratzeko bestekoa. Estatuak behin eta berriro desegingo zituen ETAko buruzagitzak, baina erakunde armatuak behin eta berriro berregituratzen zuen bere burua. ETA ahuldu bidean, urte luzetako dinamika izan zen hori.
1980ko hamarkadatik ETAren estrategia zen estatuarekin negoziatzea, baina Aljerreko negoziazioen ondoren ez zen halakorik aurreikusten eta ETAk erabaki zuen borroka armatuaren torlojuari itzuli bat gehiago ematea, eta ez nolanahikoa: hor kokatzen da Oldartzen estrategia. 1994an onartu zen ETAren barruan eta HBko Mahai Nazionalak Ordoñezen hilketaren bi egunera bereganatu zuen.
Zer zer Oldartzen? Luze joko luke azaltzen, funtsean Euskal Nazio Askapenaren Mugimendu (ENAM) osoari eragiten zion estrategia baitzen, baina bere pentsamenduaren oinarrietakoa honakoa zen: ETAk ez zuen lortzen Espainiako Gobernua negoziazio mahaira eramatea, beraz, presio armatua estutu behar zen, eta horretarako hainbat modu zeuden –kale borroka-ren gorakada handia ere testuinguru horretan abiatu zen–. Batetik, bere ekintzen esparrua zabalduko zuen, eta ordura arte nagusiki Espainiako polizia eta indar armatuetako kideen aurka jotzen bazuen, aurrerantzean politikariak, kazetariak, epaileak edota beste hainbat esparrutara ere zabalduko ziren ETAren ekintzak.
Horregatik, Ordoñezena oso esanguratsua izan zen, estrategia horren ondorioz ETAk, besteak beste, PSOEko edo PPko dozenaka zinegotziren aurka jo zuelako. Lurrikara handia izan zen euskal gizarte osoan, eta handienetakoa ezker abertzalean bertan. 1990eko hamarraldiaren erdirako jada haren baitan borroka armatuari buruzko eztabaida handia zen.
Alternatiba Demokratikoa: KAS alternatibaren berritzea
HBren barruan bi ponentziatan islatu zen zatiketa hori: aipatutako Oldartzen eta hari aurre egin zion Iratzar, Patxi Zabaletak eta gerora Aralar alderdi politikoan kokatuko ziren beste hainbat militantek bideratutakoa. Lehena aise gailendu zitzaion bigarrenari (%71-%16, HBren arabera). HBren herriko batzarretan zaila zen postura ofizialen alternatibak gailentzea, batzuetan gertatzen zen, baina gutxitan; ezker abertzaleko gizarte esparruetan borroka armatuarekiko ikuspegi kritikoa zabalagoa bazen ere, eremu militanteetan ikuspegi ofiziala nagusitzen zen, oro har.
Harrezkero Oldartzen-i kontzepturen bat sendo itsatsita geratu bazaio, hori da “sufrimenduaren sozializazioa”. Emilio Lopez Adan Beltza-k Borroka armatua Euskadin liburuan azpimarratzen duenez, alabaina, hori ez zen ezker abertzaleko agirietan erabilitako kontzeptua, baizik eta “borrokaren ondorioak sozializatzea”.
Oldartzen, dena den, mugimendu berriaren hanketako bat zen, eta haren segidan etorriko zen ETAk 1995eko apirilean aurkeztutako Alternatiba demokratikoa, zeinak KAS Alternatiba-ren berritzea ekarri nahi zuen. Azken hau izan zen ENAMen ardatz estrategikoa Franco hil ondoren, 1976an ETAk armak uzteko gutxieneko alternatiba moduan aurkeztu zuenetik. Funtsean, Alternatiba Demokratikoa-ren arabera, ETAk Espainiako Gobernuarekin negoziatu ondoren, azken honek Euskal Herriaren erabaki eskubidea bermatu behar zuen, eta gero alderdiek gauzatu behar zuten ibilbide hori. Gerora bi negoziazio mahaien eskema gisa etorriko zen planteamenduaren abiapuntua zen, baina Loiola eta Osloko negoziazio saioak arte ez zen jarriko indarrean eskema hori.
Ordoñezen hilketaren ondoren, jo puntua gorago jarri eta 1995eko apirilean ETAk bonba-lehergailu bat eztandarazi zuen José María Aznar PPko buruzagiaren aurka. Haren autoaren blindajeak babestu zituen bera eta gidaria, baina leherketak ondoko etxebizitza batean ohean zegoen Margarita González Mansilla hil zuen.