argia.eus
INPRIMATU
Ordiziako Eskola Publikoaren komunitateak Jokin Bildarratzi

Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitatea 2021eko martxoaren 04a

Joan den urtarrilaren 12an eta otsailaren 17an, Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea; Eugenio Jimenez, Ikastetxeetako eta Planifikazioko zuzendaria eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako arduraduna Ordiziako Urdaneta Eskola Publikoa bisitatzera gerturatu ziren, azken urteetan behin eta berriro salatu den moduan, Ordiziako bi ikastetxeen artean ikasle familien jatorriaren baitan gertatzen ari den matrikulazio desoreka larriaren egoera bertatik bertara ezagutzeko.

Ordizia EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean migrazio tasa altuena duen herria da (%18,35). Eskolatzeari erreparatuz, tasa hori are altuagoa da (%23). Ordizian jatorria atzerrian duten familietako ikasle guztien 87% eskolaratzen da Eskola Publikoan. Desoreka hori are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Matrikulazioan gertatzen den oinarrizko desoreka hori, areagotu egiten da ikasturtean zeharreko matrikula biziaren eraginez. Izan ere, ikasturtea hasita matrikulatzen diren ikasleen %86 bideratzen da Eskola Publikora.

"Eskola Publikoaren ordezkariak ez datoz bat Hezkuntza sailburuak proposatutako neurriekin. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea ere"

Egindako bisitetan, Hezkuntza sailburuak Ordiziako eskolen arteko desorekaren arrazoia eta irtenbide nagusia jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan jarri zuen. Ordiziako Eskola Publikoaren kideek, ordea, datu bidez eta neurri eta erabaki bakoitzaren ondorioak agerian utziz, Ordiziako bi ikastetxeen arteko oreka Euskal Herrian jatorria duten familien matrikulazioaren baitan eta egungo arauak betetzearen baitan dagoela azaldu zioten.

Arartekoaren eta Gipuzkoako Fiskaltzaren esanetan, 2018-19 ikasturtean, Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu zuen; bai planifikazioan eta baita matrikulazioan ere. Euskal Herrian jatorria duten 11 familia gelditu ziren Jakintza ikastolan irakas-posturik gabe. Horiek eskola publikora bideratu izan balitu, jatorriaren baitako desoreka 14,2 puntu orekatuko zatekeen; beste edozein neurri hartuta baino nabarmen gehiago. Aitzitik, Hezkuntza Sailak hartutako erabakiarekin oinarrizko arazoak bere horretan jarraitzen du, eta desoreka betikotu edo areagotzeko arriskua dago.

Bileran, hezkuntzako goi-arduradunek egoera bideratzeko konponbide gisa, herri mailako ekimenak eta ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak itunpeko ikastetxeetara bideratzea proposatu zituzten. Azken neurri honek, ordea, arreta jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan jartzeaz gain, oinarrizko desorekan oso eragin txikia izango luke; baita epe ertain-luzera ere.

Familiek bere ardurapean dituzten haurrentzat ikastetxea aukeratzea zilegi da, baina Arartekoak bere ebazpenean adierazitakoaren arabera, askatasun hori ezin daiteke herri kohesio eta elkarbizitza orekatuaren gainetik jarri. Desoreka hau mantentzeak, zer esanik ez areagotzeak, herriko elkarbizitza eta inklusioari eragiten dio, euskalduntze prozesuak zailtzen ditu eta aniztasuna modu aberasgarrian bizitzea eragozten du.

Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitatearen ordezkariek azken lau urteetan herri mailan eta Euskal Herrian bideratu dituzten ekimenen berri eman zieten Hezkuntzako ordezkariei.

Hezkuntza Sailak Ordizian dagoen jatorriaren baitako desoreka areagotzen duten neurriak hartzeari uzteko eta Arartekoaren gomendioak aintzat hartzeko eskatu zioten sailburuari.

Horretarako, Ordiziako Eskola Publikoaren komunitatearen ustez, ezinbestekoa da Ordiziako bi ikastetxeetan, Euskal Herrian jatorria duten eta jatorria beste herrialde batzuetan duten familietako ikasleen arteko oreka bermatzeko neurriak hartzea. Azken urteetako familien jatorriaren baitako bi ikastetxeetako matrikulazioak ikusita, oreka lortzeko, Jakintza ikastolan Haur Hezkuntzan baimendu eta planifikaturiko gela eta lerro kopurua mugatzea ezinbestekoa da eta planifikatutako gela eta eskaera kopurua gainditzen direnean, ikasle horiek Ordiziako Eskola Publikora bideratu behar dira.

Eskola Publikoaren ordezkariak ez datoz bat Hezkuntza sailburuak proposatutako neurriekin. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea ere. Hortaz, Ordiziako Eskola Publikoaren komunitateak Hezkuntza Sailari desoreka orekatzeko neurri eraginkorrak har ditzala eskatzen dio.