Uztailaren 7 arratsaldean Zumarragako ospitalean bildu ziren Ordizia, Beasain, Lazkao eta Idiazabalgo alkateak, Jaurlaritzako Osasun eta Segurtasun saileko kideekin. Nekane Murga Osasun sailburuak bileraren ostean adierazi du 1.700 PCR proba egin dituztela eta ordura arte aztertutako 1.000 probetan 35 pertsona atzeman dituztela kutsatuta. Baztertu egin du konfinamendua berriz ezartzea baina hainbat neurri indartuko dituzte, gaur iristea espero den instrukzio batean. Adur Ezenarro alkateak bilera horren aurretik adierazi du Osasun Sailak ez dizkiola Udalari kutsatuei buruzko datuak ematen eta badaezpadako neurriak hartu dituztela lehen unetik: asteazkenetako azoka eta Udal udalekuak bertan behera utzi dituzte eta jolas parkeak itxi dituzte, baita Majori kiroldegia, herri antzokia, liburutegia eta eraikin publikoak ere.
Adur Ezenarro alkateak lehen unetik "transmisio komunitarioaz" hitz egin du, hau da, beren artean harreman zuzenik ez duten pertsonen arteko transmisioa izan dela. Izan ere, uztailaren 5etik Udalaren webguneak publiko egina du Osasun sailetik jaso zuten oharra, hori azaltzen duena. Eta horren aurrean prebentzio neurriak hartzearen alde egin du, baina ezinbestean "itsu-itsuan", Naiz-eko elkarrizketan adierazi baitu Osasun sailak ez dituela kutsatuei buruzko datuak Udalarekin partekatzen, eta hedabideekin batera jakiten dituela. Udalak hartutako neurri horietan lehenetakoa, igandean Etxezarreta kaleko hiru taberna ixtea izan zen (Haka, Miami eta Kebab), Jaurlaritzako Osasun sailetik jakin zuenean bertako taberna bat izan zitekeela COVID-19aren berragerpen honen fokuaren sorrera. Atzo herritarren deien bidez jakin zuen alkateak taberna horretako langileek negatibo eman dutela PCR probetan.
Aipatutako jarduera eta zerbitzu publikoak itxi ditu Udalak; PCR proba egin duten eta emaitzaren zain dauden herritarrei etxetik ez irteteko eskatu die eta maskaren erabilera beharrezkoa dela gogorarazi die herritar denei.
Atzoko bileran datu gehiago ezagutu ostean, Udalak orain arteko neurriak birplanteatuko ditu eta aurrera begira hartuko dituenak aztertu. Diario Vasco-k jaso duenaren arabera, aztergai dago ea jolas parkeak zabalduko dituzten, gaueko aisialdiari lotuta ikusten baitute foku honen zabalpena. Izan ere, Nekane Murga Osasun sailburuak asteartean Zumarragako ospitalean egindako bileraren ostean adierazi du Ordiziako kutsatze kasuak aisialdi giroan eta gazteen artean eman direla. Goierriko Hitza-k jaso du bilera osteko agerraldiaren berri. Murgaren hitzetan, “18-35 urte arteko jendeaz ari gara, eta sintoma gutxi badituzte ere, adinekoei pasa diezaiokete gaitza”. Arrazoi nagusia, gehiegizko gertutasuna eta neurririk hartu ez izana direla dio sailburuak. Hala, distantziak mantentzearen eta maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu du, aktibitate guztietan.
Momentuz ez dute neurri zehatzik iragarri, baina “alor juridikoan hainbat neurri aztertzen” ari direla jakinarazi du Murgak. Diario Vasco-ren arabera, hauek izan daitezke lantzen ari diren neurriak: tabernetako edukiera murriztea, gaueko aisialdia murriztea, barran ezin eskatu ahal izatea, terrazetan eserita kontsumitu behar izatea, eta abar. Radio Euskadin gaztelaniaz elkarrizketa egin diote Zumarragako bileraren ostean Ordiziako alkateari. Konfinamendurik ezaz galdetuta, erantzun du: "Hala esan du kontseilariak, eta beraz, hala izango da". Hartu beharreko neurri berriez adierazi du asteazkenean espero dutela ostalaritzako zehaztasunak jasotzea, eta maskaren erabilera orokortuko duen neurriei buruzko zehaztasunak jasotzea. Adierazi du astelehenetik "megafoniaz ari garela herri osoan behin eta berriz errepikatzen, mesedez, herritar denek maskara erabili dezaten. Guk orain arte gomendatu egin dugu, espero dugu asteazkenean jasoko dugun agindua irmoa izango dela maskaren erabileran, eta une honetan Ordizian behintzat derrigorrezkoa izan dadila".
Radio Euskadiko elkarrizketan ere azpimarratu du garrantzitsua dela datuen gardentasuna, "erabakiak hartu ahal izateko". "Ez dakigu kutsatu kopuruak zehazki nongoak diren, foku honek adar anitz baititu, baina bai, foku nagusia Ordizian dago, 19 kutsaturekin. Gauza berezi bat gertatzen ari da: goitik jaso nahiko genukeen informazioa eta faltan nabari duguna, behetik iristen ari zaigu. Herritarrek emaitzak jakin dituzten orduko, izan positibo edo negatibo, komunikatu egin dizkigute. Eskertuta gaude horregatik, baina oraindik kezkatuta gaude, PCR-ren emaitza asko prozesatzen ari direlako eta ez dugulako argazki osorik oraindik".