Confédération Paysanne nekazari-sindikatuak kongresua egin zuen apirilaren 23an eta 24an Frantziako Nevers hirian. Han hartutako erabakiez mintzo da Mikel Hiribarren Confédération-eko Komite Nazionaleko kidea, Laborari aldizkariak plazaratu eta ARGIAk osorik jaso duen artikulu honetan.
Hiru laborari eta ELBko animatzaile bat egon gira Confédération Paysanneko kongresuan, apirilaren 23 eta 24an, Nevers hirian. Gurekin jina zen baitaere Michel Erbin biarnesa. Elgarrekin agertu badira laborantzako bozketan Biarnoa eta Euskal Herria, aspalditik bi departamendu bezala kontsideratuak gira sindikatean. Eta bi urtetarik egiten den kongresuak elgarretaratzen ditu Frantziako beste departamendu guzietako ordezkariak, Frantziaren menpe dauden ugartetakoak bezala.
Bi urtetarik berritzen dira buruzagiak
Departamenduek eta eskualdeek izendatzen dituzte beren ordezkariak, beren eremutan sindikatek daukaten indarraren arabera. Bi urtetako kongresu hortan bozka bidez deliberatuko da komite nazionaleko ordezkarien taldea, hogoita hamar laborariz gorakoa.
Urtean zazpi zortzi aldiz elgarretaratuko dira ordezkari hauk, beren esku izanen dutela, kongresuak erabaki norabidea atxikiz, sindikataren hautu nagusien eztabaidatzea eta trenkatzea. Astero bilduko delarik, zazpi ala bederatzi laborariz osatu taldea, Komite nazionalak hautatua. Eguneroko gora behera kudeatuko dute, eta hauk dira ministeritzarekin ala hedabideekin gehienetan agertzen.
Bi urtetarik aldatzen ahal da beraz sindikata eramaiten dutenen multzoa, eta gehienik zortzi urte du bakotxak egiten ahal nazional mailako ordezkaritza hortan. Aurten bada gidaritza talde horren berrikatze haundia, askok egonaldiaren muga betea baitute, eta kasik ordezkarien lauetarik hiru berriak izanen dira.
Negoziatuz bulegotan ala borrokatuz karriketan
Eztabaida frango izan da Nevers eko kongresuan, eta oraino ezin erran ordezkari berritzeak zer aldaketa ekarriko duen. Behin eta berriz erran eta ere, aurpegi frango dauzka Confédération paysanne sindikatak: desberdinak dira Bretania aldeko behi esne eremuak, Frantzia erdialdeko zereal ordokiak, beherago edo ekialdeago diren mendi eskualdeak, eta eskualde bakotxak badauka bere begitarte berezia, aipatu gabe Kortsikarena, euskaldunena ala urruneko ugarteena.
Gisa berean, desberdinak dira lurralde bakotxeko sindikataren ibilbideak, lekuan lekuko Confédération paysanne egin dutenen jatorriak eta iturriak. Marra lodiz laburbildu behar balitz batzu ala besten ezaugarria, erran ginezake konparazione Frantziako mendealdean, hots Bretainia eskualdean, oraiko gobernu sozialistak badaukala sustengu frango sindikata huntako ordezkarietan. Frantziako hegoaldean aldiz, hego ekialdean bereziki, gehienetan ordezkarien posturak erradikalagoak dira… Hitz pare batez erraiteko, lehendabizikoek nahiago izaten dute frangotan boterearekin bulegoetan negoziatu, bestek aldiz ekintzak eta borroka inportantago dauzkatelarik eskakizunen aintzinarazteko!
Nahikeria haundia politika aldatzeko
Nevers-eko kongresuak gure gostuko erakutsi du nahikeria handia dutela nundik nahiko militante laborariek Confederation Paysanne sendotzeko, eta laborantza herrikoia aintzina bultzatzeko. Urtarrileko bozkaldiak departamendu guzietan taldeak sustatu ditu, eta ondoko hilabetetan oldar berria atxeman behar dute lekuan lekuko borrokei buru egiteko, iraupenean. Gobernuarekin eta Europarekin izanen ditu ere Confédération paysannek ondoko hilabetetan garrantzizko hitzorduak. Alde batetik PAC negoziaketak beti mahain gainean daude, eta bestetik Frantziak laborantzarentzat “loi d’avenir” lege xede orokor bat moldatzen ari du. Zoritxarrez, orainarte, Frantzian ala Europan, bakarka solastatzen den politika arduradun frangok gure sindikataren analisa eta asmoetarik hurbil dagola aitortzen du, baina gehienetan liberalen eta produktibisten politika aplikatzen segitzen dute.
[Mikel Hiribarren, orain Confédération Paysanneko Komite Nazionaleko kidea, nekazari ari da Lapurdiko Itsasun eta ARGIAren aspaldiko kolaboratzailea da]