argia.eus
INPRIMATU
“Ordena itzuli arte" negoziaketarik ez dela egongo dio Macronek
  • Yvan Colonna preso politiko korsikarra beste preso batek Arlesko espetxean egindako erasoaren ostean hil zenetik deitutako lehen manifestazio bateratua egin zuten igandean Korsikan. Protestetan izandako istiluen ostean atzeratu egin dira Frantziako Barne Ministroarekin hasi beharreko negoziaketak.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 04a
Igandeko protestetako une bat. Argazkia: France 3 Corse

Colonnaren familiak deitu zuen Ajaccioko mobilizaziora, eta alderdi eta talde abertzale guztiek babestu zuten manifestazio jendetsua. 10.000 lagun inguru elkartu ziren Korsikako hiriburuan, azken asteetako mobilizazioen lema berarekin: “Estatu Frantsesa hiltzailea”.

Hilabeteko epean egindako hirugarren manifestazio jendetsua izan zen igandekoa, eta aurrekoetako kontsignak errepikatu ziren: “Justizia eta egia Yvan Colonnarentzat, preso politikoen askatasuna eta korsikar nazioaren aitorpena”.

Manifestazio amaieran poliziaren kargak eta istiluak izan ziren, gauera arte iraun zutenak. Tartean, poliziaren prefekturari eraso egin zioten. Bestalde, hainbat manifestari zauritu zituen poliziak, haietako batzuk larriki.

Aste honetan bertan ziren hastekoak Gérald Darmanin Barne Ministroak “Korsikako auziei” erantzuteko proposatutako negoziaketak, eta lehen hitzordua atzeratu dute. Istiluen ostean hitz egin du Emmanuel Macron Frantziako Presidenteak, eta “ordena berrezarri arte" elkarrizketarik egongo ez dela esan du. “Jendearen beharrei erantzuten dion edozein aurrerapenen aldekoa” dela esan du, baina "autonomia ez da independentzia”, gehitu du.