argia.eus
INPRIMATU
Ordenagailua etsai bihurtzen denean
2003ko uztailaren 05

eli@argia.eus Europako langileen %30ek, hau da 44 milioi pertsonek bizkarreko mina daukate. Hori da behintzat Laneko Osasun eta Segurtasunerako Europako Agentziak 2000. urtean emaniko datuek adierazten dutena. Bestalde, estresa da laneko baja gehienen arrazoia. Datu horiek eragiten dituzten faktore asko egongo dira seguruenik, baina horietako bat, eta gero eta garrantzitsuagoa dena, ordenagailuen erabilera da. Gero eta jende gehiagok igarotzen ditu bere laneko ordu gehienak ordenagailu baten aurrean eta lan hori gainera, ohikoa eta egunerokoa bihurtzen ari da. Lantegietako edozein makinekin lan egiten dutenek segurtasun neurri batzuk jarraitu behar dituzten bezala, ordenagailuen aurrean lan egiten dugunok ere zenbait ohar gogoan izan beharko genituzke. Segur aski, lehenago ajeren bat jasan ez badugu edo etor dakizkigukeen arriskuak zein diren inoiz entzun ez badugu, ohar horiek irakurri ere ez ditugu egingo. Horregatik, lehenago arriskuak aipatzea eta ondoren hartzea komeni den neurrien inguruko informazioa ematea erabaki dugu. Arriskuak - Postura desegoki batek eskuetan, besoetan, sorbaldatan eta lepoan arazoak sor ditzake. - Ikusmena ere larriki kaltetu daiteke zenbait aholku kontuan hartzen ez badira. - Eragiketa errepikakorren ondorioz, besoetako giharrak eta nerbioak ere sufritzen dute. - Bizkarreko mina beste ohiko arazo bat izan ohi da. - Zirkulazio txarra baldin baduzu, segur aski ajea areagotu egingo da. - Azkenik, lo egiteko arazoak eta estresa ere aipa daitezke. Aholkuak Hemen aipatuko ditugun aholku edo neurri batzuk barregarriak irudituko zaizkizu agian, baina guztia gutxi da norberaren osasunari buruz ari garenean. - Lan egiten duzun gelak ongi argiztatua eta aireztatua egon behar du. Argi oso gutxi izatea, gehiegi izatea bezain txarra da. Erreflexua egiten duten lanparak saihestu behar dira. Era berean, ordenagailuko pantailak filtro bat izan beharko luke, jada ezarria edo barneratua ez badu behintzat. - Eserlekua ere oso garrantzitsua da. Beronen altuerak eta bizkarraldeak erregulagarriak izan behar dute. Postura egokia honako hau da: eskuak mahai gainean jartzen dituzunean, besoak ukondoaren altueran izan beharko lukeen angelua 90 gradu baino zertxobait gehiagokoa beharko luke izan. Era berean, eserlekuaren bizkarraldeak gerrialdeko zonaldea sostengatu beharko luke. - Behin eserita zaudenean, hankak lurrera iritsi behar dute. Iristen ez badira, jar ezazu mahaiaren azpian hankentzako euskarri bat eta jar itzazu bertan hankak. - Eserita zaudenean postura egokia mantentzea ere oso garrantzitsua da: bizkarrak zuzen egon behar du, hankak gurutzatu gabe. Postura honetan nekatu egin zarela nabaritzen baduzu, konponbidea erraza da, zuti zaitez eta deskantsua hartu. - Mahaiak beharrezkoak dituzun elementu guztiak izateko tamaina nahikoa izan beharko luke, baina ez du tresnaz betea egon behar. - Ordenagailuko pantailak eta teklatuak begietatik 50 zentimetrora egon behar dute. Pantailak gainera, zure begiradak markatzen duen lerro horizontaletik 10-60 gradu azpitik egon behar du eta teklatua eskuetatik gertu kokatu behar da. Arratoia erabiltzeko besoa gehiegi luzatzeak eragiten ditu esku eta besoetako muskuluen arazo gehienak. Teklatuak eta arratoiak beso eta eskumuturretan mina eragiten dizutela nabaritzen baduzu, beste aparailu batzuk eskuratzeko ahalegina egin ezazu. Esaterako, badira merkatuan zatitutako teklatuak edo tableta grafikoak. - Bestalde, ez da gomendagarria oso azkar idaztea. Tekleatzerakoan eskumuturrak sekula ez lukete mahaiaren gainean egon behar, beti zertxobait gorago. Azken finean, gakoa idazterakoan eskumuturrak ez doblatzea da, bestela konponbide hain erraza duen joera honek adibidez tendinitis bat eragin lezake. - Ez dira ordu asko pasa behar ordenagailu aurrean jaiki gabe. Ordu erdiro deskantsuak egitea komeni da. Gainera, jaikitzen garen une horietan zenbait ariketa egitea aholkatzen dute adituek, lepoan, sorbaldatan, besoetan eta eskuetan pilatzen den tentsioa arintzeko. - Egokiena norberaren neurrira egindako altzariak izatea litzateke, baina badira baita ere langilearen erosotasuna eta ergonomia bereziki zaintzen duten diseinuak ere. Esaterako, Microsphere AEBetako enpresak sari ugari jaso ditu munduko hainbat azokatan M1 modeloagatik. Ziurrenik, askoz ere gehiago egin genezake gure osasunaren mesederako, baina funtsezkoena aipatu dugu. Bestalde, gaur egungo enpresek daramaten erritmoak tentsioak, estresa eta beste hainbat arazo eragiten ditu. Horregatik, langileak bere esku dagoen guztia egiteaz gain, enpresek ere laneko arriskuen prebentzioaren aldeko apustu garbia egin beharko lukete. Guztiok irtengo gara garaile. Lotura interesgarriak: Zatikatutako teklatu baten adibide bat Tableta grafiko baten adibide bat Laneko arriskuen prebentziorako ataria Prelatic. Laneko arriskuak saihesteko zerbitzu telematikoa, ordenagailuko erabiltzaileei zuzendua. Urko Servicios de PrevenciĆ³n, S. Coop. Eusko Jaurlaritzak lanerako arriskuen prebentzio zerbitzuak emateko ziurtatutako enpresa bat da.