Zaintza eta kontziliazioa erraztea helburu duten baimen eta neurriak onartu ditu Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Senideak eta senide ez direnak zaintzeko baimen ordainduak, seme-alabek 8 urte bete arte gurasoek hartu ditzaketen baimenak, premia handiagoak dituzten familien aitortza eta ume jaioberriengatiko ordainsariak jasotzen ditu lege berriak, besteak beste.
Lanera ez joateko hiru baimen mota jasotzen ditu legeak. Batetik, urtean bost egun ordaindu hartu ahal izateko baimena, “bigarren graduko senidea edo bizikidea artatzeko”. Istripuren bat gertatuz gero, gaixotasun larrietan, ospitaleratzeetan, ebakuntza kirurgikoetan… erabili ahalko da. Bestetik, urtean lau egun ordainduko baimena jasotzen da, orduka ere hartu ahal izango dena, “berehalako artatzea” behar den kasuetarako. Eta hirugarrenik, seme-alabak 8 urte bete arte gurasoek zortzi aste hartzeko aukera izango dute, nahi izanez gero jarraian edo nahi izanez gero zatituta. Sindikatuek eskatu dute zortzi aste hauek ordainduak izan daitezela.
Bestalde, umeak 0-3 urte dituen bitartean hilero 100 euro jasotzeko baldintzak malgutu nahi ditu Espainiako Gobernuak, ama guztiek izan dezaten horretarako aukera.
Zaintzaren ikuspegitik behar handiena duten familiak ere zerrendatu ditu legeak, eta hala, familia ugariekin batera bi ume eta gurasobakarrak osatutako familiak, bi ume eta desgaitasuna duen kideren batek osatutako familiak edota bi seme-alaba eta gurasoetako bat ospitalean edo kartzelan dituzten familiak aintzat hartzen ditu.
Pin parentala, debekatuta
Egungo errealitatearen parte diren familia anitzek leku garrantzitsua dute legean, eta zentzu honetan, familia anitzei buruz eskolan ematen diren edukietara seme-alabak ez bidaltzea debekatu du legeak. VOX alderdiak sustatutako pin parentala delakoaren harira hartu du neurria gobernuak, eduki horiei (eta sexu heziketa gisako beste hainbat edukiri) uko egitera animatzen baititu gurasoak.