argia.eus
INPRIMATU
Orbanak Europar Batasunean

Iñaki Ereño Bengoa 2021eko uztailaren 14a

Eboluzioaren teoriaren arabera, instintu, bulkada eta emozio guztiek, biziraupenaren eta ugalketaren interes bakarrari erantzunez eboluzionatu dute.

Halere, azken aldian, sexu aniztasunarekiko intolerantzia islatzen ari da kaleetan. Taldeko indarkeriaren bidez, norbanakoen ahuleziak estali nahian. Biziraupen edo ugalketaren interesetatik haratago.

"Hezkuntzak aurrerantzean bi erronka nagusi ditu: indarkeria eta intolerantzia. Hortaz, haurraren garapen integralaren barnean, hezkuntza emozionalari ezinbesteko garrantzia eman behar diogu"

Badira antzinako agindu genetikoak jarraitzen dituztenak, gaur egun alferrikakoak edo kaltegarriak izan daitezkeenak, baina duela hirurogeita hamar mila urte zentzu ebolutibo perfektua dutenak. Mamut bat harrapatzeko bere bizitza arriskuan jartzen zuen ehiztari gazte batek bere lehiakide guztiak eklipsatzen zituen tribuko ohore guztiak jasoaz. Ar gen horietan harrapaturik sortzen zaigu biolentzia.

Bestalde, biolentziaren ekuazioari, intolerantzia gehitzen zaio. Gizartean ondo egituraturiko diskriminazio inplizituarekin egiten dugu topo. Homofobia gizarteak kulturalki sortutako pentsamendua da. Inboluzio horretan, berriz ere ahuleziak agerian uzten dituenaren pentsamendua.

Hezkuntzak aurrerantzean bi erronka nagusi ditu: indarkeria eta intolerantzia.

Hortaz, haurraren garapen integralaren barnean, hezkuntza emozionalari ezinbesteko garrantzia eman behar diogu. Errespetutik eta errespetuz. Dibertsitatearen baloreak goraipatuz. Kontzientziak mugiarazteko gai diren nerabe eta heldu gehiago behar ditugulako.

Europar batasunak badu "orban" bat bere baitan. Hala ere, euskal irakasleengan erabateko konfiantza dut, "pin parental" delako horretatik zeharo urruti baikaude.