argia.eus
INPRIMATU
Berri Txarraken Beude birako azken konzertua
Orbain formako irribarrez
  • Irri bihurri batek aterarazi ditu eszenatokira. Ez show txundigarririk, ez bat-bateko irteerarik. Lasai atera dira Larragako La Laguna elkartea goraino bete duten jarraitzaileen aurrera, entsegu lokalean egongo balira bezala. Mikroak mugitu, kableak baztertu, parez pare begira jarri eta, ai, barre txiki hori. Finean, antzeko zauriekin baikaude hemen, orbain forma hartu duen irribarrez.

Irati Majuelo Itoiz 2019ko urriaren 31
Berri Txarraken kontzertua Larragako La Laguna elkartean. Argazkia: Ibai Arrieta

Bai Gorka, David eta Galder, bai begiak dizdizka dauzkagun entzuleak. Beste behin ere adrenalina igotzeko prest, baina amaiera usaia darion kontzertua hasteko bertigoz. Etorri gara hala ere, eta ezin irri txikia disimulatu.

Zirrara kondentsatu egin da, eta ez soilik kalean baino hamar gradu gehiago egiten dituelako barruan. Areto txikien xarmak dakartza izerdia, elkar ukitzea eta ordu erdian sarrerak amaitu ondoren, hautatua suertatu izanaren sentsazio eder hori. Dena ematera etorri gara denok gaur, eta ez dago atzera bueltarik. Gorkak haur txiki bat dirudi zinez, hizlari dator, filtrorik gabe, dantzan, Nafarroan etxean jokatzen duela jakitun. Eta publikoa ere haur txikien gisara gozarazi nahi du. Barre txikia ez zaio iluntze osoan desagertu.

Energiaz hasi da kontzertua, taldekideak hurbil eta jostari, areto txikietako azken bira honek emandako indarrak berotuta. Beude, Ez naiz aldatuko, Isiltzen banaiz, Katedral bat, Libre. Ez dut kantuen ordena gogoratzen. Bai, ordea, txalo zaparradek gidatzen dutela iluntzea. Ikasten, Biziraun, Spoiler!, Oreka, Toro (“¡nos vamos a Berlin!”). Txaloak abestien aurretik, ostean, tartean. Eskertzeko adina ez, poza liberatzeko beste bai. Denak ez du balio, Sols el poble salva al poble, Ikusi Arte.

Aretoak lehertzear dirudienean egin dute alde hiru musikariek. Kamisetak gorputzari itsasita ditugu, gandua betaurrekoetan. Baina arnasa hartzerako agertu da Gorka, gitarra eskuan. Esker hitzak oparitu dizkie Larragako herritarrei, horren umil, horren goxo hartzearren, memoriaren haziak landatzearren. Historia ahanzturan ez uzteko norberak eskaini dezakeen harea ale horri heldu dio, bakarlari gisa, Larragako herriari Maravillas kanta eskaintzeko. Oilo-larrua azalean, begiak are dirdiratsuago.

Ia bi orduren ostean entzun dira Oihu iragartzen duten lehen akordeak. Haur txikien ilusioz, baina amaitzera doan zerbait bizitzera doanaren intentsitate beraz entregatu da publikoa, esplikatzen hain zaila den eta guztia eman ondoren geratzen den sentimendu hori Larragan gorpuzteraino.