Marine Lepenen eskutik Front National ultraeskuindarrak bere garaipen historikoarekin Frantziako Estatuan bezala Europan eragin duen lurrikara Edgard Morin filosofoaren Twitterreko txio honek laburbildu du: "Besteen ezintasunak, itsutasunak, utzikeriak, ekarri dute Front Nationalaren garaipena. Horrela jarraitzekotan, hau hasiera besterik ez da". Hexagonoan asko dira shockean daudenak. Ezkerrekoak, dudarik gabe, baina baita liberal eta zentristak ere. XXI. mende hasierako krisitzarrarekin agintari ekonomiko eta politikoek herritarrei ezarri dizkieten austeritate politikek ezinegona zabaldu dute populazioaren baitan, zeinaren multzo zabalak sinetsi nahi izan baititu ultraeskuindarren mezu xenofobo, integrista eta anti-europarrak. Zergatik gertatzen den ia denek dakite. Hondamendia saihesteko zer egin, asmatzen zailago dirudi.
23:05 Front Nationalak zailtasunak izanen ditu talde parlamentarioa osatzeko. Rue89ren analisiaren arabera, FNren aliatuak izango lirateke Austriako FPO, Holandako PVV, Belgikako Vlaams Belang, Italiako Lega Norte edo/eta Forza Italia, Lituaniako Ordena eta Justizia, Eslovakiako SNS eta Suediako Demokratak. Baina eslovakiarrek, holandarrek eta Italiako biek emaitza kaxkarrak lortu dituztela dirudi. Zazpi herrialdetatik ateratako 25 diputatu behar direnez Europako Legebiltzarrean taldea osatzeko, bestelako sozioak bilatu beharko ditu. Britainia Handiko UKIP eta Danimarkako Herriaren Alderdiak askotan adierazi dutela ez daudela FNrekin elkartzeko. UKIPen programa ekonomikoa justu FNaren kontrakoa da. Danimarkarrek Le Pen antisemitatzat daukate.
22:55 Vanessa Descouraux kazetariak Twitterrez: "Zifra hauetaz hitz egitea debekatu beharko litzaieke autopista periferikoaren bestealdera [hiriko zentrotik periferiako barrioetara] sekula joan ez diren kazetariei".
22:30 Jean-Luc Mélenchon Front de Gaucheko hautagaia, ziurrenik parlamentaritza lortu duena, Twitterrez: "Je suis très triste pour ma patrie, ce soir".
22:25 Edgar Morin filosofoak Twitterrez: "Besteen ezintasunak, itsutasunak, utzikeriak, ekarri dute Front Nationalaren garaipena. Horrela jarraitzekotan, hau hasiera besterik ez da".
22:00 Front Nationalek gazteen artean biltzen ditu boto gehien, inkesten arabera. Gazteen artean eta klase apalekoetan, aurreko urteetako joera errepikatuz hauteskundeotan. 35 urte baino gazteagoen artean Le Penek botoen %30 bildu ditu, Frantziako Estatuko bataz bestekoa baino 5 puntu gehiago. Aldiz, 60 urtez goitikoen artean %21 da bildu duena, mediaren azpitik bozkatzen diote FNri zaharrek.
21:32 Jean Marie Le Pen, Front Nationalaren fundatzailea eta hautagaia Hego Ekialdean: "Desegin egin behar da Frantziako parlamentua".
21:25 Jose Bovek France2 telebistan: "Front Nationalaren garaipena erabateko iruzur bat izan da, deusetara eramango ez duena. Ez da mamituko talde parlamentario batean. Horrek esan nahi du Europako hauteskundeak bahitu egin dituela FNk, mobilizatu du protestako botoa baina antzua da".
21:10 Alain Juppe UMP lehen ministro ohi eta 'betidanik' Bordeleko alkate denak eskatu du UMP errotik aldatzeko eta antolatzeko zentroaren eta eskuinaren arteko konberjentzia berri bat.
20:45 Frantziako Alderdi Komunistako (PCF) idazkari nagusi Pierre Laurenten interpretazioa, Le Penen garaipenaren sustraian ikusi ditu kausa europear bat eta kausa nazional bat. "Frantsesek esaten dute hauteskunde guztiotan barrena ez dutela nahi Europa ultra-liberal hau. (...). Bigarren kausa da duela bi urtetik hona daukagula gobernu bat daramana austeritate politika bat frantsesek arbuiatzen dutena"
20:28 Frantziako Estatuko europarlamentari berriak alderdika, beti ere IPSOSen inkesten arabera: FN 23-25 parlamentari; UMP 18-21: PS 13, UDI-MoDem 6-8; EE-LV 6; Front de Gauche 3-5.
20:20 Segolene Royalek (Ekologiako ministro sozialista, lehendakarigai izana) dio FNren garaipena mundu mailako kolpea gertatuko dela: "Un choc à l'échelle du monde"
20:08 Inkesten laburbilduma. Front National ultraeskuindarra irabazle, botoen %24 - % 26 artean. Bigarren UMP: % 21 - % 23. Hirugarren eta urrutira, PSFko sozialistak: botoen % 14 - % 15. Alternative UDI-MoDem (% 9 - %10) eta Europe Ecologie-Les Verts (% 9 - % 9,5) parekatu samarrik ondoren. Bostgarren Front de Gauche ezkertiarra: % 6- %6,5. Lurrikara, baiki.
19:55 IPSOS agentziaren aurrikuspenak, hautes-mahaietatik irtetean galdetuta: FN % 25.7 - UMP % 20.7 - PS %15 - UDI %9.3 (tartean Bayrou zentrista) - Écologistes % 8.8 - Front de gauche % 6.3 (Melenchon, PCF..). Horrela balitz, lurrikara, bai.
19:42 RTL katearen arabera, Jean-Marie Le Penek -Front Nationaleko hautagai nagusi den Marineren aitak- esan du: "Sinetsi behar baditut lehenbiziko informazioak, hau lurrikara bat da". Alderdi ultraeskuindarra garbiki irabazle dela zabaldu baitu IPSOS agentziak, hautes-bulegoetan egindako inkestan oinarriturik.
19:15 Hautes-bulegoak itxi aurreko zalantzetako bat: parte hartzearen gorakadak esan nahi ote du ala ez Marine Le Pen ultraeskuindarraren indartzea? Inkestek irabazle ematen zuten.
17:55 Ipar Euskal Herria barne duen Sud-Ouest eskualdean ere parte hartzea 2009an baino bi puntu handiagoa da: %38, orduko %35,67ren orde.
17:40 Parte hartzea 17:00etan %35,07ekoa zen Estatu frantziarrean; 2009an %33,18koa izan zen.
17:30 Frantziako Estatuan 46 milioi herritarrek daukate gaur boza emateko eskubidea; 74 diputatu bidaliko dituzte Europako Parlamentura, zeinak 751 biltzarkide baitauzka denetara.