Berangoko eraikin zaharrena (Otxandategi dorretxea) eta bere inguruko lur emankorrak ez ditzan etxebizitza negozioak irentsi, erresistentzia gosaria deitua zuen Otxantegi Herri Lurra proiektu agroekologikoak. 8:30etarako 40 herritarrek jarri dute gorputza lurraren defentsan. 9:20 aldera Ertzaintza eta udaltzainak komitiba judizialarekin bertaratu dira eta lekua husteko beste egun bat jakinaraziko dietela esan diete herritarrei, une horretan hori egiteko baliabiderik ez zutela argudiatuta. Otxantegi Herri Lurrako kideek pozik adierazi dute oraingoz desalojoa gelditu dutela eta "lurraren defentsan jarraituko dutela".
Otxantegi Herri Lurrak proiektuko kide batek ARGIAri adierazi dionez, 40 lagun inguru batu dira goizean goizik. "Inguruko jendea etorri da, gure ekimenetan parte hartu izan duena, eta babes hori guretzat positiboa da". Otxandategi dorretxea Berangoko gain batean dago, Erdi Aroan defentsarako erabilia izan zen eta bere armarria herriko armarria da egun. Gaurkoan dorretxea eta bere lurrak izan dira 40 herritar hauek babestu dituztenak. Izan ere, Otxantegi Herri Lurrak agroekologia proiektuak jakitera eman duenez, Berangoko azaleraren zazpitik baten jabe den Aguirre-Lipperheide familiak elikagaiak sortzeko emankorrak diren 8 hektarea lur hauek etxebizitzak egiteko ustiatu nahi ditu, 30 milioi euroko irabaziak lortzeko. "Pelotazo"-tzat daukaten proiektu horri aurre egiteko, "lurraren aldeko defentsara" lotu dira bi urte hauetan Otxantegi Herri Lurrako kideak, ortu komuna eta soroa landuz.
Gaur goizean Otxandategi dorretxera daraman bidea oztopatu dute erresistentziara batu diren herritar batzuek. Bitartean, beste kide batzuek eraikin barruan eserita egin diote hustutzeari plantoa eta atarian ere baziren kideak, pankartak eskuan espero zuten desalojoa salatzen. Haien zorionerako, bertaratu diren udaltzainak eta ertzainak komitiba judizialarekin batera joan dira desalojoaren jakinarazpena komunikatzera eta horrez gain esan diete hustuketarako momentuan baliabiderik ez zutela eta desalojoa beste egun batera atzeratuko dela, eta data zehaztuko zaiela.
Otxantegi Herri Lurrako kide batek adierazpen hauek egin dizkio ARGIAri: "Borroka ekologista da gurea, Uribe Kostan kokatua. Gaurkoan desalojoa gelditu dugu eta berau atzeratzea lortu da. Garaipena da bailarako herri mugimenduentzat eta autogestio proiektuentzat. Lurraren defentsan jarraituko dugu".
Euskal Telebistako Egun on Euskadi saioan eman dute bere berri (4:55 minutuan eta 39:40 minutuan).
Hiruka komunikabideak bertatik egin du jarraipena eta artikulu honetara ekarri ditugun argazkiez gain, sare sozialetan zabaldu ditu kide baten adierazpenak:
?Otxantegiko desalojoa gelditzea lortu dute ekintzaileek gaurkoz @Otxantegi pic.twitter.com/uXAn3PqcC9
— Hiruka (@HirukaEus) November 23, 2023