argia.eus
INPRIMATU
Oraingoan bai, harreman homosexualak despenalizatu dituzte Botswanan
  • “Garaipen historikoa” ospatzen ari da Botswanako LGBTI komunitatea. Sexu berekoen arteko harremanak zigortzen zituen legea indargabetu zuen herrialdeko Auzitegi Gorenak 2019an, baina Gobernuak helegitea jarri, Fiskaltzak onartu eta berriz ere auziari heldu diote hilabeteotan. Astelehenean iritsi da epaia: oraingoan bai, harreman homosexualak despenalizatuta geratu dira Botswanan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 30a
Argazkia: KidoH

Britainiar kolonia zen garaiko legea zuen herrialde afrikarrak: harreman homosexualak izateagatik zazpi urtera arteko kartzela zigorra jaso zezaketen herritarrek. Epaileek lege hori bertan behera utzi ostean, Gobernuaren helegiteak berriz ere epaitegietara eraman du gaia eta azaroaren 29an ezagutu da ebazpena: epaimahaiak ahots bakarrez deliberatu du sexu berekoen artean adostutako sexua kriminalizatzea dela “LGBTIQ pertsonen duintasunaren, askatasunaren, pribatutasunaren eta berdintasunaren eskubide konstituzionalaren aurka“ egitea.

Aurrerapauso handia

Bi urte behar izan dira, baina Botswanako lesbiana, gay eta bisexualen LEGABIBO elkarteak pozez hartu du garaipena: “Sistema, legeak eta politikak aldatzeko norabide zuzenean aurrerapauso handia da hau, LGBTIQ komunitateek dituzten eskubideez gozatu ahal izan dezaten eta jasan dezaketen diskriminazioaren aurrean behar duten babes legala bermatua izan dezaten”.

Botswanarekin batera, Angola, Gabon, Mozambike eta Seychelle dira azken urteotan harreman homosexualak despenalizatu dituzten Afrikako herrialdeak. Namibiako Gobernuak aurten ekin dio bide horri.