BioAraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia erakunde publikoak SOMAprobes enpresa pribatuarekin elkarlanean ari dira garatzen testa. Nekane Murga osasun sailburuak test hori “berriena eta punta-puntakoena” dela esan du.
Sintomak izan aurretik kutsatuak identifikatzeko gaitasuna du testak, Murgak azaldutakoaren arabera. Hala ere, oraindik test hori eraginkorra den ala ez aztertu behar dutela jakinarazi du. Baina “Koronatesta” ez dela Euskal Autonomia Erkidegoan lantzen ari diren test mota bakarra zehaztu du, kitik gabeko PCR testak ere garatzen eta jada erabiltzen dabiltzala adierazi du.
Dena den, EHUko ikerlariek garatutako eta merkeagoa den testari buruz ez du aipamenik egin. Ikerketa publikoaren emaitza da test hau, eta dagoeneko 27.000 sinaduratik gora jaso ditu lehenbailehen erabiltzen has daitezen. Espainiako Estatuko osasun ministerioak EHUri baimena eman dio PCR testak egiteko, horretan euskal zentro bakarra bilakatuz.