Clown ezaguna da Virginia Imaz (Donostia, 1962), eta iazko Emakunde sariaren jabe ere bada. Ekainaren 5ean ipuin erotikoak kontatuko ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 17:00etan hasiko den Tuppersex saioaren barruan.
Albiste hau Urola Kostako Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Zer ezaugarri ditu ipuin erotiko batek?
Erotismoaren barruan sentsualitate genitalizatua baldin badago ere, sentsualitate globalago bat existitzen da, azalarekin eta zentzumenekin zerikusia duena. Erotismoa horrela ulertzen baldin badugu, ipuin guztiak izango lirateke erotikoak, guztiak baitira sentipenez jositako bidaiak. Adibidez, ipuin batean, pertsonaia pastel bat egiten ari bada eta narratzaileak osagaiez, usainez eta zaporeez hitz egiten badu, guztioi eragiten dizkigu sentipenak, plazera pizten zaigu. Gertatzen dena da, ipuin erotikoez hitz egitean, egoera sexual bat bilatu nahi dela, ez soilik azalean gauzak sentitzea, baizik eta pixka bat eszitatzea.
Clowna zara, eta jendeari barre eginaraztea da zure zereginetako bat. Umore ukitua al dute zure kontakizunek?
Asko lantzen dut erotismoa umorea baliatuz. Pailazoa naiz, eta saioen helburua da tabua den gai bat lantzea, jendeari lotsa ematen diola jakinda. Inma Merino sexologoak eta genero indarkerian adituak sexurako jostailuak erakutsiko ditu Tuppersex saioan, eta horiek erreminta bat izango dira hainbat gairen inguruan hitz egin ahal izateko: aniztasuna, desira, plazera… Gainera, jendeak galderak egiteko aukera izango du, eta nire nahia da Inmari gai horiek lantzen laguntzea, ikuspegi feminista batetik. Gure asmoa da saioan parte hartzen duten emakumeak erlaxatuta egotea, eta barre egiteak asko lasaitzen du. Jendea lasaitzea da ipuinen bidez lortu nahi dudana, Inmaren atal pedagogikoari babesa emateko eta konfiantzazko klima bat sortzeko. Jendeak zerbait galdetzea edo iruzkin bat egitea nahi badu, aske sentitzea nahi dugu, ez baita epaitua izango.
Nolakoa izango da saioa?
Tuppersex saioa hainbat ataletan banatzen du Inmak, eta zati batetik besterako tarteetan, ipuinak kontatuko ditut nik. Inmak azaltzen dituen gauzekin zerikusia dute nire kontakizunek. Bi atalak txandakatuz, arinagoa egiten da saioa.
Zuk sortutako ipuinak al dira gaur kontatuko dituzunak?
Genero ikuspegia txertatuta duten eta ni eszitatzea lortzen duten ipuin erotiko oso gutxi daude. Eta nola kitzikatuko ditut besteak ni neu kitzikatzen ez banaiz? Horregatik, ipuin batzuk neuk sortutakoak dira, eta beste batzuk, moldatutakoak. Gaur kontatuko ditudan laurak nik sortutakoak dira; haietako bat lagun baten esperientzian oinarritua dago, eta beste hirurak nire fantasietan edo esperientzietan. Nire ipuinak, oro har, ez dira oso esplizituak, erotikoagoak dira pornografikoak baino; izan ere, jendeak pornografia espero du erotismoaz hitz egitean.
Saioa emakumeei soilik zuzenduta dago. Zergatik?
Hala da. Tuppersex saioak gizon eta emakumeentzako ere egin daitezke, baina kasu honetan emakumeentzako soilik izango da. Sistemak gizonentzat nahiz emakumeentzat ditu arauak eta rolak, baina emakumeek informazio gutxiago eta zama handiagoa dute, eta indarkeria sinboliko handiagoa bizi dute. Horregatik da haientzat soilik saioa.
Egun oraindik emakumeen artean erotismoaz hitz egitea garrantzitsua iruditzen al zaizu?
Funtsezkoa iruditzen zait. Tuppersex saioetara adin askotako jendea etortzen da, eta batzuetan, harritu egiten naiz haiek galdetzen dizkiguten gauzekin. Gauza askotan hobera egin dugula uste dugu, baina gaur-gaurkoz, sexu hezkuntzaren atal nagusiena Interneten aurki dezakegun pornografia da. Nahaste asko dago, eta egun oraindik indarkeriari lotutako galdera asko egiten dituzte emakumeek. Adibidez, neska gazte batek ez du sexurik izan nahi, ezetz esaten du, baina ondoan duena bere bikotekidea denez, azkenean, harremanak izaten amaitzen du. Nik hori bortxaketa bat dela ulertzen dut. Oraindik mamu asko dago, ordea: «Ezetz esaten badiot utzi egingo nau», pentsatzen du jendeak. Oraindik ere besteei gustu eman nahi diegu; kultura horren presoak gara.
Beti besteei begira?
Oraindik bai. Horrez gain, uste dut ezjakintasun handia dugula gorputzaren inguruan. Maskulinitatea eraikitzerakoan, ohikoena da gizonak masturbatzea eta, gainera, masturbatzen direla esatea. Baina feminitatea eraikitzerakoan, masturbatzea ez dago oraindik ondo ikusita leku guztietan, eta oso zaila da emakumeek horretaz hitz egitea. Oraindik ere kulpa sentipena txertatuta dago emakumeen masturbazioan, zerbait zikina bailitzan ikusten da… Eta nik nire gorputza esploratzen ez badut, nekez jakingo dut zer gustatzen zaidan. Horregatik, bikote harreman batean, besteak zer nahi duen pentsatzen ariko naiz, eta nire plazera ahaztuko dut. Oraindik gainditu ez dugun ikasgaia da plazerarena.
Zer ideia transmititzen saiatuko zarete saioan?
Sexualitatea plazera sortzeko iturri bat da, eta esploratzera nahiz esperimentatzera gonbidatuko ditugu emakumeak. Ez dugu onartu behar nahi ez dugun ezer, eta azalaren bidez ahaldundu behar dugu. Ahalduntzeko ariketa bat izango da saioa, ez baita nahikoa intelektualki ahalduntzea. Plazerean eta sexu kontuetan ahalduntzen ez bagara, ez du balio ahalduntzeak. Boterearen kontuak gorputzetik igaro behar du. Horrez gain, ni zahartzen ari naizen heinean, garrantzitsua iruditzen zait sexu desira bizitza guztian presente dagoela aldarrikatzea, eta ez gazteen artean bakarrik.