argia.eus
INPRIMATU
Oraindik ere nabarmen gutxiago dira seme-alabei lehenengo abizena amarena jartzen dietenak
  • Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua dute oraindik, dirudienez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 23a
Oraindik aitaren abizena lehenesten denez feminismo ariketa bat delako, horra emakumearen abizena lehenengo jartzen duten bikoteen argudioetako bat. Freepik

2017tik, bikote heterosexualen kasuan lehenengo abizena aitarena ala amarena jarri erabaki daiteke Espainiako Estatuan, dokumenturik aurkeztu gabe. Eta 2021etik, zehaztu egin behar da zein abizen nahi diozun jarri lehenengo –alegia, ez da aitarena lehenesten ez bada kontrakorik esaten, ordura arte bezala–. Bada, erraztasunak erraztasun, 2021eko lege aldaketatik hona %11,1ak baino ez dio jarri seme-alabari amaren abizena lehenengo, Espainiako Estatuan. Beste era batera esanda, azken hiru urteetan jaiotako umeen %88,9ak aitaren abizena darama lehenengo.

Argi dago, inertzia patriarkalari buelta ematea kostatzen da, kasu honetan bai behintzat, ohitura eta tradizioen pisua handia da, eta horregatik, haurrari lehenengo amaren abizena jartzea "araua haustea" da hainbatentzat, arraroa, ezberdina, zerbaitengatik egin den seinale. Eta "zerbaitengatik" hori aitaren kontra egitea dela ulertzen duenik ere bada, nahiz eta ez hanka ez buru ez duen horrek. Aitaren abizena lehenengo ez joatea, abizena "galtzea", desohoretzat hartzen duelako oraindik hainbat gizonek, baztertua izan balitz bezala. Hala diote El Paíseko artikulu batean. Kurioski, amaren abizena lehenengo ez joatea eta haren abizena "galtzea" normaltzat hartzen da. "Emakumea ezabatzea normalizatu egin dugu", diote artikuluan.

Aitaren abizena lehenengo ez joatea, abizena "galtzea", desohoretzat hartzen du hainbat gizonek, baztertua izan balitz bezala. Amaren abizena lehenengo ez joatea, baina, normaltzat hartzen da

Zergatik amarena lehenengo?

Esan bezala, 2017an erraztu zuen aldaketa Espainiako legediak, eta 2022ko datuen arabera, %0,5ak baino ez zuen baliatu, amaren abizena lehenesteko. Handik bi urtera, datuak %11,1era egin du gora, oraindik parekidetasunetik oso urrun, baina joera pixkanaka aldatzen ari den isla ere izan daiteke.

Emakumeak haurdunaldiaren pisua eraman duelako eta hari aitortza egiteko, edota oraindik aitaren abizena lehenesten denez feminismo ariketa bat delako, horra emakumearen abizena lehenengo jartzen duten bikoteen argudioetako batzuk. Baina bestelako irizpideak ere hartzen dira kontuan: bikoteak zein abizen duen gustukoen, zein abizen den ezohikoagoa, edo euskalduna, alfabetikoki abizena A-tik edo Z-tik hasteak eragin dezake eskolan zenbatgarren egokituko zaizun… Tratu bitxien berri ere izan dugu inguruan: "Zuk izena aukeratu, eta trukean nire abizena eraman dezala lehenengo".

Ipar Euskal Herrian ere aukeratu daiteke lehen abizena amarena jartzea, baina ez bada espresuki adierazten, automatikoki aitarena jartzen zaio umeari, ezkonduta dauden bikoteen kasuan. Pentsa, beste ohitura bat bizi mantentzen da oraindik Frantziako Estatuan: ezkontzerakoan, emakumeak gizonaren abizena hartzea.