argia.eus
INPRIMATU
Oraindik baratze guztiak landu ahal izateko eskubidea falta da
  • Apirilaren 17an, ostegunez, Hernanikoa bezalako azoketan, bezero ilararik handiena landareen postuetan sortu da. Izan ere bezperan jakinarazi du Jaurlaritzak baratzeak landu ahalko direla. Herritarrak baratzera joateko duen distantziak arazo izaten jarraitzen du, ordea. Baratzeak lantzeko herritarren presioa ari da pixkanaka bidea zabaltzen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 17a
Argazkia: Goierri telebista. Argazkia: Goierri telebista.

Etxerako baratzea egin daitekeela dio apirilaren 15eko datarekin Ertzaintzaren webgunean ageri den "Osasun Alarmari buruzko irizpideak Ertzaintzan eta Udaltzaingoetan. 05 Berrikusketa"-k: "Baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere". Baratzezain profesionalen jarduera hasieratik dago baimenduta, nekazariena alarma egoeran lehentasunezko jarduera baita, baina autokontsumoa hortik bereizita planteatu dute hasieratik Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak.

Baratzezainak etxetik lantzen duen lurrera duen distantzia arazo bihurtzen da oraindik, ordea. Irizpideen berrikusketa honek dioenez, "bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen". Herritar batzuek arazoak saihesteko, udaltzaingora deitzen dute etxetik atera aurretik, bere joan-etorrien berri emateko.

Baratze guztiak lantzeko eskubidea lortzeko, Uliako Lore Baratzak sinadura bilketa abiatu du.

Jakoba Errekondok manifestua kaleratu du.

Zabalduz doa bidea: barazkiak bildu bai, baina hurrengo uztarik landu ez

Apirilaren 2an argitaratu zuen Errekondok Jende zakurra artikulua ARGIAn, arrabots handia eraginez. Larunbateroko Euskadi Irratiko Landaberri saioan zabaldu zuen ondoren mezua, eta Euskal Telebistak ere jaso zituen gero bere adierazpenak.

Aldi berean garatu da baserritarren azokak debekatzearen aurkako borroka (artikulu honetan laburtu dugu ibilbidea), eta nekazariek indarrak batuz egindako borrokaren eta hainbat udalek bere eskumenari helduz nekazarien azokei eutsi izanaren ondoren, Jaurlaritzak atzera egin zuen debeku honen erabakian, apirilaren 11n azokak baimenduz.

Elikadura burujabetzaren aldeko borroka batek bestea auspotzen duela pentsatzea logikoa dirudi.

Azoken debekua altxatzearen bezperan, apirilaren 10ean, baimendu zuen Jaurlaritzak etxerako baratzeetatik barazkiak bildu ahal izatea, baina ez hurrengo uztarik lantzea. Izan ere,  irizpide hauek eman zituen Jaurlaritzak baratzeei buruz:

Baratzeetako jarduera profesionala bada, baimenduta daude. Etxerako ekoizten denean, baimena ematea "baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira, baita betekizun hauek ere: Helburua izatea elikagaiak jasotzea edo baratzeko oinarrizko mantentze-lanak egitea. Baratzean produktu gehiago landatzeko prestatze-lanak ezin dira egin. Joan-etorria justifikatzeko baratzearen titulartasun-dokumentua erakutsi ahal da".