argia.eus
INPRIMATU
Oraina euskaratik eraikitzeko... Gazteok korrikan Plentziara!
  • Bi urtetik behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Herri euskaldun batean amesten dugun gazteoi ezinbesteko zaigu ekimen hau gure buruan kokatzea, bi urterik behin bada ere, zentroan kokatzea. Ez zen nolanahiko apustua izan bere garaian ez. 1980an, aurreko urteetan taberna bateko mahai inguruan ernaltzen hasitako ideiari hasiera eman zitzaion; eta horrela, herri honen euskalduntzearen alde inoiz egindako ekimen handienetariko bat martxan jarri zen. Euskal Herriaren eraikuntzan inflexio-puntu bat markatu duena eta euskararen gaur eguneko errealitatea ulertzeko ezinbesteko zaiguna.

Topa Gaitezen @topagaitezen 2019ko martxoaren 20a

Beste Euskal Herri batean amesten dugun gazteoi, ezinbesteko zaigu euskara gure buruan kokatzea, etengabe, zentroan kokatzea.

Eta horretan ari gara. Ez da duela horrenbeste Bizkaiko gazteok Portugaleteko Merkatuan batu eta euskararen inguruan hausnartzeari ekin geniola. Topa Gaitezen! oihukatu genuen eta 100 gaztetik gora bildu ginen egun batez, gure bizitza, militantzia eta egunerokotasuna aztertzen. Munduen eraikuntzan hizkuntzek duten garrantziaz jabetzen.

Eta azken finean, hor kokatzen dugu gure burua, bi munduren arteko talkan, herri honetan ere gori-gorian dagoen bi munduren arteko talkan. Globalizazioaren, homogeneizazioaren, gutxi batzuentzako eraikita dagoen eta, laburbilduz, kapitalismoaren arteko eta elkartasunaren, aniztasunaren, eta gure herriaren gehiengoa osatzen duen Euskal Herri Langileriaren arteko talkan. Eta noski, horretan ibili ginen gehiengoarentzako izango den herri bat eraikitzeko euskarak duen potentziala arakatzen, lantzen.

Eta esan bezala, bi urtetik behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Bizkaiko gazteok gure ekarpena egitea ezinbesteko ikusten dugu, bai euskarari eta baita hiltzeko jaio zen Korrikari ere. Badakigu nahi dugun herria, edozein lekutan izanda ere bere isla, edozein dela bere frontea, euskalduna eta euskaratik eraikia dena behar dela.

Hau horrela, zuzentzen gatzaizkizue zuei, euskara-taldeetan, talde feministetan, aisialdi taldeetan, prekarizatuen asanbladetan, jai batzordeetan, gazte asanblada eta abarretan militatzen duzuen guztiei borroka espezifiko bakoitzaren eta euskararen arteko harremanean sakontzera; zuzentzen gatzaizkizue zuei, euskal herriko txoko eta herrialde ezberdinetako gazte euskaldun eta euskaltzaleei gurea bezalako dinamikak martxan jartzera; zuzentzen gatzaizkizue zuei euskararen inguruan inoiz irrikarik sentitu duzuen guztioi eta finean, zuei, euskaratik beste Euskal Herri bat eraikitzearekin amesten duzuen guztioi. Dei egiten dizuegu Plentzian hartuko dugun Korrikako Gazte-Kilometroan parte hartzera. Apirilaren 10ean, 19:00etan Plentziako metro irteeran.