Martin Lemaire gazte senpertarra dago Arkatza garagardotegiaren atzean. Unibertsitatean laborantza ikasketak egin eta gero, Belgikan izan zen garagardoaren inguruko masterra egiten. “Garagardogintzan lanean hastea zen nire asmoa handik bueltan, baina garai hartan ez zegoen aukera hori, oraindik ez zegoen ia gargardotegi txikirik”, azaldu du. Azkenean, garagardogintzan beharrean, ardogintzan topatu zuen lana, eta horretan aritu zen zenbait urtez, esperientzia hartzen. Buruan eta gogoan, baina, beti mantendu zuen noizbait garagardora pasatzeko ideia.
“Lurra xerkatzen hasi nintzen eta oraindik jarraitzen dut horretan, bertan ene zereala eta lupulua ekoizteko. Ardoan bezala, lehengaiak ekoiztu eta eraldatu nahi ditut, prozesu osoa egin”, azaldu du Lemairek. Lurra eskuratzeko dituen zailtasunen aurrean amore eman beharrean, baina, beste estrategia bat erabili du gazteak: “Oso zaila dela lurra topatzea? Bada, laborari lagun onak atzematea hautatu dut”, azaldu du umorez. Hurbilean zereala eta lupulua ekoizten duten laborariekin ari da elkarlanean, haiei lehengaiak prezio duinean erosiz.
Hiru urte daramatza martxan Arkatza garagardotegiak. Osagai guztiak Ipar Euskal Herrian eta modu biologikoan ekoitziak direla azpimarratu du Lemairek, eta hurbileko zenbait produkturekin esperimentatzen ere aritu da: arto gorriarekin, mahatsarekin, ogi beltzarekin… Bitartean, lur bila jarraitzen du, eta lehengai guztiak ekoizteko adinako zatirik eskuratu ez badu ere, bi hektarea eta erdiko lursail txikietan probak egiten ari da. Aurten, lehenbizikoz, bere zereala biltzea aurreikusten du. “Lupulutegi txiki bat ere badut, beraz, 2024 hastapenean, gauzak ongi bidean, espero dut garagardo batzuk behintzat joanen direla nire baserritik ateratako osagaiekin bakarrik”.
Hiru motako garagardoak egiten dituela azaldu du Lemairek, baina dioenez, betiko "klasikoetatik" kanpokoak dira gehienak. Esaterako, azken aldian oso boladan dagoen IPA motakorik egiten ez duela dio. Zergatik? “IPAk ezin ditut egin, Iparraldeko lupulua ez dagoelako horretarako. 2022an ekoizpenaren %90 galdu zen, lupulu gutxi ukan dugu, eta beraz, gutxi erabili dugu. Ez badut inguruan osagai bat nire oinarrien arabera, bada, ez dut erabiltzen. Beste zerbait atzematen dut”. Horratx gaztearen egiteko moduaren gakoa.
Azken urtean, gainera, eta ardogintzako bere hastapenetara itzuliz, zenbait mahasti ere landatu ditu Lurzaindiaren eremu batean, eta maiatzean gehiago jarriko ditu. Ardoa ekoizten hastea da bere asmoa. “Antzeko tresnak erabiltzen dira bi prozesuetan, eta esperientzia ere, gehiago dut ardoan”, dio. Itsasun dago kokatua Arkatza garagardotegiaren tailerra, Euskal Hirigune Elkargoak alokatutako gune batean. Salmenta ere, guztia Iparraldean egiten du, ekoizle dendetan eta hurbileko merkaturatze sareetan. Euskal Herriko garagardoa da Arkatza, beraz, zentzu guztietan: bertan ekoitzia, eraldatua eta kontsumitua.