Biharko Lurraren Elkarteak biodibertsitatearen hilabetea antolatuko du Ipar Euskal Herrian. “Biodibertsitatea erein dezagun Akitanian” programaren 20. urteurrena ospatzeko, hainbat kolektibok udazkenean antolatuko dituzten ekitaldien parte da ekimena.
Orain Erein goiburupean, hainbat hitzaldi, topaketa eta tailer egingo dira urrian. Helburua “ereiten den biodibertsitatea” bultzatzea eta haren inguruan kontzientzia eta ezagutza zabaltzea da. Dendetan saltzen diren haziak ereitearen aurrean, laborantza mota honek nekazari bakoitzak bere lurretan landatu dituen laboreetatik datozen haziak erabiltzea proposatzen du.
Elkarteak urriaren 4tik aurrera antolatuko ditu ekintzak. Ate irekietan, etxaldeetara bisitak egingo dituzte, baita laborariekin zine-eztabaidak eta etxeko haziekin jarduten duten nekazari eta elkarteekin topaketak ere. Tekniko egunak izenekoetan, berriz, ALEKA hazi egileen elkartera bisita egingo dute eta hainbat laboreren haziak hautatzen ikasteko tailerrak ere eskainiko dituzte.
Urriaren 16an, Orain Erein eguna egingo da Izuran. Bio laborarien merkatua egongo da ikusgai, eta haien lekukotasunak entzuteko aukera ere izango da. Haurrentzako txokoa eta animazioak eskainiko dira, eta piknik bat antolatuko da etxeko taloak dastatzeko. Ekintza gehienetan izenik eman gabe hartu daiteke parte, sarrera librea izango baita. Informazio gehiagorako, Biharko Lurraren Elkartearen webgunea kontsultatu edo +336 34 99 39 15 zenbakira dei daiteke.
Egun, Ipar Euskal Herrian 100 etxalde inguruk baino ez dute “ereiten den biodibertsitatearekin” lan egiten. Izan ere, Biharko Lurraren Elkarteko kideen hitzetan, komertzioetan multinazionalek saltzen dituzten haziak landatzea errazagoa da hautaketa prozesua egitea baino: batetik, merkatuko haziak produktiboagoak direlako, eta masan ekoitzi daitezkeelako; bestetik, beren ezaugarri genetikoek komertzializazio sailaren irizpideei (neurriak, homogeneitatea…) hobeto erantzuten dietelako, eta errentagarriagoak direlako.
Halere, “elikadura burujabetzarantz” jotzeko bidea eta tokian tokiko biodibertsitatea babesteko modua etxean ekoitzitako haziak erabiltzean datzala dio elkarteak. “Hazi herrikoiek” laborariei autonomia ematen dietela argudiatu dute, bai ekonomikoki (ez dituztelako haziak urtero erosi behar), bai kontserbatzeko moduan ere. Bestalde, erabakietan askatasun osoa eskaintzen die nekazariei hazi hauek erabiltzeak, “beren barietateen irizpideak” aukeratzeko eskumena dutelako.
Laborari bakoitzak bere landareak nolakoak izango diren aukeratuz gero, espezieen artean dibertsitate genetikoa egotea bultzatzen da. Hain zuzen, barietate ezberdinak izatea da hazi mota hauen ezaugarri eta abantaila nagusia: landareak klima larrialdiagatik etengabe aldatzen ari den ingurunera egokitzea ahalbidetzen du, produktu kimikorik erabili gabe, eta ingurune hori kutsatzea ekidinez. Era berean, etorkizuneko erronkei aurre egiteko laborantza mota dela ere nabarmendu izan da, haziek egokitzeko duten ahalmenagatik, gero eta jende gehiago elikatzeko bide direlako.