argia.eus
INPRIMATU
Orain erabakiak
  • Estadioak bete ez ziren arren, milaka lagunek parte hartu zuten ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetan Gure Esku Dagok antolatutako oihal kate eta festa erraldoietan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak aro berri bati ekingo diola iragarri zuen, “anbizioz eta determinazioz”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko ekainaren 22a
Anoetan milaka lagun batu ziren erabakitzeko eskubidearen alde (Arg: Dani Blanco / Argia)

Beste behin, milaka lagun bildu ditu Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde. Euskal Herriko bost hiriburutako plaza, kale eta estadioetan jende ugari bildu zen, eta irudi ikusgarriez gozatu ahal izan zuten herritarrek, ekimenaren sinbolo izan diren oihal koloretsuak eskutan hartuta.

Aurtengo ekitaldi nagusiak bazituen osagaiak arrakastatsua izateko. Alde batetik, iazko giza katearen olatuetatik sortutako ilusioak mugimenduari emandako indarra. Gihar hori herri eta auzo ugaritan sumatu da: dagoeneko 230 batzorde baino gehiago ditu ekimenak Euskal Herriko lurralde guztietan. Horren erakusle da Gure Esku Dagok Ipar Euskal Herrian ere egin dituela sustraiak, Baionan ikusi dugun moduan. Lurraldetasunaren ikuspuntutik ere jauzi kualitatiboa bada hori.

Bestetik, alderdi politiko, erakunde eta eragile ugariren babes esplizitua jaso zuen ekitaldiak. Hala, EAJk eta EH Bilduk, norbere aldetik, herritarrak “animatu” zituzten ekitaldietan parte hartzeko. Bi aste lehenago Gure Esku Dagok gizarte, kultura, politika eta kirol munduko 80 pertsona ezagun bildu zituen helburu berarekin. Euskal telebista publikoak ekimena iragartzeko eta jarraitzeko aurten jarritako baliabideak ere nabarmentzeko modukoak izan dira.

Goizeko oihal kate eta kalejiretan giro ederra nagusitu zen, kaleak jendez mukuru zeuden iazko alaitasun berarekin. Arratsaldean estadioak eta zezen plazak betetzea zen helburu, baina ekimenak ez zuen hori lortu. Iruñeko zezen plazan, esaterako, eguzkipeko harmailak nahiko hutsik geratu ziren eta San Mamesen ere hutsune oso handiak ikus zitezkeen. Antolakuntzak berak ohar bidez onartu zuen “aulki hutsak parez pare” jarri zituela arratsaldeak: “Aulki huts horiek oraindik ere batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik”.

Ekimeneko arduradunek datozen egunetan aztertu beharko dute zerk egin duen huts harmailak ez betetzeko, baina bistakoa dirudi ekimenak beste pizgarri bat behar duela erabakitzeko eskubidearen aldarriarekin aurrerapausoak emateko. Hain justu, Gure Esku Dagok mezu nagusian iragarri du hemendik aurrera “erabakiaren aroa” hasiko duela, “fase definitiboa”. Horri lotuta egon litezke, adibidez, datorren urtean hainbat herritan egingo diren herri galdeketak. Lehenik Goierriko 21 udalerriek jakinarazi zuten kontsulta bateratua egingo zutela; joan den astean berriz, Dima, Ispaster eta Hernani gehitu zitzaizkien. Olatu horrek jarraitzen badu, laster ikusiko dugu noraino eragiteko gaitasuna izango duen.

Nolanahi ere, erabaki eskubidea egunero eskala txikian praktikara eramateak jendea aktibatzeko eta arazoei aurre egiteko ere balio lezake, balio izan duen moduan LOMCEri desobeditzeko garaian edo laborantza ganbarak sortzerakoan. Izan ere, zertarako nahi dugu erabaki, herri honetan bizi ditugun gatazka anitzei irtenbidea emateko ez bada?