Estadioak bete ez ziren arren, milaka lagunek parte hartu zuten ekainaren 21ean Euskal Herriko hiriburuetan Gure Esku Dagok antolatutako oihal kate eta festa erraldoietan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak aro berri bati ekingo diola iragarri zuen, “anbizioz eta determinazioz”.
Beste behin, milaka lagun bildu ditu Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde. Euskal Herriko bost hiriburutako plaza, kale eta estadioetan jende ugari bildu zen, eta irudi ikusgarriez gozatu ahal izan zuten herritarrek, ekimenaren sinbolo izan diren oihal koloretsuak eskutan hartuta.
Aurtengo ekitaldi nagusiak bazituen osagaiak arrakastatsua izateko. Alde batetik, iazko giza katearen olatuetatik sortutako ilusioak mugimenduari emandako indarra. Gihar hori herri eta auzo ugaritan sumatu da: dagoeneko 230 batzorde baino gehiago ditu ekimenak Euskal Herriko lurralde guztietan. Horren erakusle da Gure Esku Dagok Ipar Euskal Herrian ere egin dituela sustraiak, Baionan ikusi dugun moduan. Lurraldetasunaren ikuspuntutik ere jauzi kualitatiboa bada hori.
Bestetik, alderdi politiko, erakunde eta eragile ugariren babes esplizitua jaso zuen ekitaldiak. Hala, EAJk eta EH Bilduk, norbere aldetik, herritarrak “animatu” zituzten ekitaldietan parte hartzeko. Bi aste lehenago Gure Esku Dagok gizarte, kultura, politika eta kirol munduko 80 pertsona ezagun bildu zituen helburu berarekin. Euskal telebista publikoak ekimena iragartzeko eta jarraitzeko aurten jarritako baliabideak ere nabarmentzeko modukoak izan dira.
Goizeko oihal kate eta kalejiretan giro ederra nagusitu zen, kaleak jendez mukuru zeuden iazko alaitasun berarekin. Arratsaldean estadioak eta zezen plazak betetzea zen helburu, baina ekimenak ez zuen hori lortu. Iruñeko zezen plazan, esaterako, eguzkipeko harmailak nahiko hutsik geratu ziren eta San Mamesen ere hutsune oso handiak ikus zitezkeen. Antolakuntzak berak ohar bidez onartu zuen “aulki hutsak parez pare” jarri zituela arratsaldeak: “Aulki huts horiek oraindik ere batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik”.
Ekimeneko arduradunek datozen egunetan aztertu beharko dute zerk egin duen huts harmailak ez betetzeko, baina bistakoa dirudi ekimenak beste pizgarri bat behar duela erabakitzeko eskubidearen aldarriarekin aurrerapausoak emateko. Hain justu, Gure Esku Dagok mezu nagusian iragarri du hemendik aurrera “erabakiaren aroa” hasiko duela, “fase definitiboa”. Horri lotuta egon litezke, adibidez, datorren urtean hainbat herritan egingo diren herri galdeketak. Lehenik Goierriko 21 udalerriek jakinarazi zuten kontsulta bateratua egingo zutela; joan den astean berriz, Dima, Ispaster eta Hernani gehitu zitzaizkien. Olatu horrek jarraitzen badu, laster ikusiko dugu noraino eragiteko gaitasuna izango duen.
Nolanahi ere, erabaki eskubidea egunero eskala txikian praktikara eramateak jendea aktibatzeko eta arazoei aurre egiteko ere balio lezake, balio izan duen moduan LOMCEri desobeditzeko garaian edo laborantza ganbarak sortzerakoan. Izan ere, zertarako nahi dugu erabaki, herri honetan bizi ditugun gatazka anitzei irtenbidea emateko ez bada?
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
Aurreko ekainean aurkeztu zuten ekimena Donostian. Maratoiaz gain Iruñean, Donostin, Bilbon eta Gasteizen zuzeneko ikuskizunak izango direla zehaztu dute asteazkenean. Hamabi orduz egongo dira “Euskal Herria irudikatzen”, eta “360 graduko Euskal... [+]
Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.
Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.
Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]
Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.
Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, 'Euskal Herria mundura' izeneko ekimenarekin. Tourreko lehen hiru etapak osoki Euskal Herritik pasako direla baliatuta, "inoiz egin den ikurrinik erraldoiena" zabalduko dute, eta 4.000... [+]
Legealdiz legealdi, estatus politikoaren inguruko eztabaida edo bidea jorratzeko urratsak atzeratzen ari direla azpimarratu du Josu Etxaburu eledunak Eusko Legebiltzarreko batzorde batean: "Konpromisoak eskatzen ditugu hitzetatik harago ekintzak nagusitu daitezen eta herri... [+]
Pirinioetako Bidea ekimena antolatu du Gure Esku-k uztailaren 2rako, Kataluniako eragile sozial soberanista nagusiekin. Asmoa da Atlantikoa eta Mediterraneoa lotzen dituzten gailurrak argiztatuz, nazioarteko komunitateari mezua bidaltzea: irtenbide politiko bat behar dute Euskal... [+]
Asteazkenez bildu ziren Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin. Gure Eskuk Legebiltzarrari dei egin dio erabakitzeko eskubidea arautzeko bidean hainbat konpromiso har ditzan. Uztailaren 2an, Kataluniako... [+]