argia.eus
INPRIMATU
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko”
  • Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik, Christian Devèze Kanboko auzapez eta hautagai makronista, 714 bozka gutiagorekin bigarren kausitu da, hirugarren haatik Victor Lastécouerès eskuin muturreko hautagaia, bozen %28,39rekin.

Euskal Irratiak @euskalirratiak 2024ko uztailaren 09a

Bigarren itzulian %72,15eko parte hartzea izan zen Hego Lapurdiko bozka eremuan, lehen itzulian baina puntu eta erdi goragoa. Dufauk 5.468 bozka gehiago bildu ditu lehen itzuliarekin konparatuz; aipagarria da EAJko hautagai Jean Telletxeak Fronte Herritarra bozkatzeko deia egin zuela, eta honek 3712 bozka batu zituela joan den igandean.

Eskuineko bi hautagaiei dagokionez, 26.403 boz batu ditu Christian Devèze makronistak, astebete lehenago baina 6600 gehiago. Eskuin muturreko Victor Lastécouèresek berriz, 21.222 bozka, 2.613 gehiago. Bi itzulien artean beraz, Devèzek egin du igoerarik handiena, baina 714 bozka eskas izan zaizkio diputatu postua bereganatzeko.