argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Orain aurrekontuak, gero gerokoak

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko abenduaren 09a
(Argazkia: Irekia)

Aurrekontuak matematika kontuak direla aldarrikatzen dutenen aurrean, alderdien proiektu, estrategia eta kultura politikoa ezagutzeko balio duen lehen mailako ariketa politikoa direla ikusi dugu berriro ere. Proposamen eta aldarrikapenak politika errealetara eramateko aukera ez ezik, begibistakoa da aurrekontuen momentuak berebiziko garrantzia duela estrategia politikoak bideratzeko eta elikatzeko.

Nafarroan, bertako instituzioen osaketa eta politikak tarte luzez zuzendu ditzakeen espazio politikoa sendotzen duen akordioa egin dute. Espainiako Estatuan, legealdia bukatzeko ez ezik bakoitzak bere etxean posizioa indartzeko aukerak eman dituen akordioak dira Madrilgoak; eta ez da gutxi, hango gobernuari segida emateko aukera bakarra egungo formula errepikatzea izango dela baitirudi. Gasteizen, osoko zuzenketen eztabaidan, ikusiko dugu gaur oposizioa direnak bihar gobernu izateko zein proposamen politiko duten esku artean. Ezkerreko alderdiek erakutsi dute badutela  akordioak egiteko borondatea, gaitasuna eta ekimena; baita akordiorik gabeko agertokian jokatzeko prestutasuna ere.

Hortaz, estrategia politikoek eta diruak posible egin dituzten akordioak dira, ezkerreko alderdiak ardatz diren espaziotik zuzentzeko politika publikoak aurrera eramateko, korapiloz beteriko testuinguruan. Baina, kontuan hartuz Europako Batzordeak gastu publikoari ezarritako mugak eta kontrol zorrotzak momentuz –eta baldintzekin– eten egin direla, 2008ko politiketara ez itzultzeko balio izango duten akordioak eta estrategiak ote diren…  gero gerokoak.