argia.eus
INPRIMATU
Orain arteko neurriek ez dute balio klima larrialdia gelditzeko
  • IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean kaleratutako txostenean azaldu du egoeraren larritasuna. Tenperatura 1,5 gradu igoz gero, atzeraeragin ezinezko kalteak egongo dira ingurugiroan: lehorteak, bero boladak eta euriteak. Egungo bidea jarraitzen bada, ordea, 2,7 gradu igoko dira tenperaturak.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 10a
Azken asteotako suteak Grezian. Argazkia: Eitb

Orain arteko bidea jarraitzen bada, tenperatura globala 2,7 gradu igoko da mende amaierarako. Herrialdeek Parisko Akordioa bete eta karbono neutraltasuna lortuz gero ere, 1,5 graduko igoera aurreikusten da. Gradu eta erdiko aldaketak atzeraeragin ezinezko ondorioak izango ditu: lehorteak, euriteak eta bero-boladak. Horrela adierazi du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, astelehenean kaleratu duen txostenean. 

Ikerketa klimari buruzko 14.000 azterketetan oinarritzen da, 234 egilek osatu dute, eta 195 herrialdek sinatu. Agiriak 2018an plazaratutako ikerketarekin lortutako datuak berresten ditu, eta etorkizun iluna aurreikusten du larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Orain arte hartutako neurriekin, ingurugiroan egindako kalteak datozen mende eta milurtekoetan nabarituko dira.

Tenperatura globala industria aroaren aurrekoa baino 1,1 gradu altuagoa da egun. Igoera horren %90 gizakien esku-hartzearen ondoriozkoa da: 1,07 graduko tenperatura aldaketaren eragile da gizateria, erregai fosilek eta negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak direla-eta.

Europan abiadura handiagoan gertatzen ari da aldaketa, munduko beste herrialdeekin alderatuta. Joerak jarraituz gero, kontinentearen iparraldean prezipitazioak hazi egingo dira neguan; Mediterraneoan eta goiko lurretan, berriz, udan gutxitu egingo da euri kopurua, baina bat-bateko uriolak hazi egingo dira. Txostenak Greziako eta Ipar Amerika mendebaldeko suteak eta duela gutxi Txinan eta Alemanian egondako uholdeak jartzen ditu adibidetzat.

Muturreko fenomenoak

Klima aldaketak lurralde batzuetan eragin handiagoa izango badu ere, “muturreko fenomenoak” arazo global bilakatuko dira. DW hedabideak bildu duenez, eurite gogorrek indar handiagoa izango dute (%7 haziko dira tenperatura igotzen den gradu bakoitzeko), eta gainera, maizago gertatuko dira: ohikotasuna %30 hazi da.

Egun, lehorteak hamar urterik behin gertatzen dira; tenperatura hiru graduren bueltan igoz gero, hamarkada bakoitzean lau aldiz gertatzeko arriskua egongo da. Gauza bera gertatzen da bero boladekin: tenperatura aldaketa 1,5 gradura hurbiltzen bada, 2,8 aldiz igo daiteke beren maiztasuna, eta hiru gradurekin, 9,4 aldiz biderkatuko da beren ohikotasuna eta magnitudea (5 gradu beroagoak izango dira).

Glaziarrak eta bestelako izotz zatiak urtzearen ondorioz, itsasoaren mailak asko egingo du gora: Parisko Akordioa betez gero, bi eta hiru metro artean haziko da. Bloke solido horiek desagertzeak albo-kalteak ekarriko ditu: urtzen direnean, metano kantitate handiak askatuko dituzte atomosferara, berotegi-efektua handituz.

Azken urteetan, berotegi efektua sortzen duten gasen kontzentrazioa izugarri igo dela azpimarratu du txostenak. 1750etik ona, %47 handiagoa da karbonoaren isuria eta %156 metanoarena. Tenperaturek igotzen jarraitzen badute, naturak karbono emisioak xurgatzeko dituen aipatutako baliabideek eraginkortasuna galduko dute. 

Konponbide posibleak

Parisko Akordioan, tenperatura igoera bi gradura murrizteko konpromezua sinatu zuten zenbait herrialdek, eta aldaketa 1,5 gradura jaisteko gomendioa ere hartu zuten. Azken txostena kaleratu ondoren, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak hitzarmena betetzeko eskaera egin die sinatzaileei, klima hondamendia “saihesteko” neurri gisa.

Teknologia garbien erabilera bultzatzearen alde egin dute agintariek, eta neurriak ahalik eta azkarren hartu behar direla adierazi dute. Halere, astelehenean zabaldutako datuak kontuan hartuta, karbono neutraltasuna lortzen bada ere, klimari egindako kalteak konpontzea zaila izango da. Datorren urri eta azaroa bitartean, irtenbide posibleak bilatzeko txosten hori izango du ardatz NBEk, Glaswon antolatu duen COP26 goi bileran.

Aurreko txostenak

Ekaina amaieran erakundeak kaleratu zuen beste txosten bat ere izango dute oinarri COP26n. Bertan, klima larrialdiaren lehen eragin atzeraezinak aurreikusi zituzten. Agiri horrretan bildu zutenez, hemendik 30 urtera, 130 milioi biztanle egongo dira muturreko pobrezian eta 400 milioik izango dute ur falta. Era berean, 420 milioi pertsonek pairatuko dituzte muturreko kanikulak eta beste hainbat katastrofe natural. Bereziki, Brasilgo ekialdean, Asiako hego-ekialdean eta kostaldeko guneetan eragingo dute.