Egun beroak datoz berriro ere Kataluniara. Tsunami Democratic mugimenduak Espainiako Estatuko hauteskundeen hausnarketa egunetik “adi eta prest” egotera deitu du jendea. Larunbaterako ehunka ekintza antolatuko dituzte Katalunia osoan zehar. Astelehenetik asteazkenera, hiru eguneko mobilizazio indartsua egin nahi dute.
“Asmo handiko ekimena” antolatuko duela iragarri du Tsunami Democratic-ek, ostiral goizean zabaldu duen oharrean dioenez. Azaroaren 11ik 13ra bitarte, ekintza ugari izango direla jakinarazi dute.
Plataformak adierazi du “irailaren 11ko eguna [kataluniarrentzat Diada eguna] hiru egunez jarraian bizitzeko” gertu egoteko, jardueren pisua nabarmenduz. Lanean egunen batean behintzat jai eskatzeko aurreratzen ari dira, eta prest egoteko gutxienez gauren bat etxetik kanpo pasatzeko.
Sare sozialen bitartez joango dira egun horietan gertatzen denaren inguruko jarraipena ematen. Tsunami Democratic bere aplikazio berria erabiltzera ere animatu dute. ekintzak azaroaren 9an hasiko dira, Katalunia osoan ehunka jarduera iragarrita baitaude.
Tsunami Democratic mugimenduak orain arte ekimen indartsu bakarra egina du: Kataluniako lider independentisten aurkako epaia jakinarazi zutenean, El Prateko aireportua blokatu zuten. Ordutik Espainiako Estatuaren jo-mugan dago eta terrorismoagatik ikertzen ari direla esan izan du Marlaska barne ministroak.
Mugimenduaren atzean nor dagoen ez dakite hainbat hedabidetan aitortu dutenez eta egiten duten teknologia berrien erabileragatik, aplikazio batekin jendea mobilizatzeko saltoa ematear dira. Telegram kanalaren bidez egin ohi dituzte deialdiak eta bertan 393.000 lagun daude egun.